Datorren asteartean irekiko dute udaleku irekien eta kirol udalekuen izenematea

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 26a, 00:00

Jolasak eta aisialdirako jarduerak egingo dituzte, besteak beste, udalekuetan.

Izenematea maiatzaren 2tik maiatzaren 14ra izango da, eta erreklamazioak aurkezteko epea maiatzaren 15etik 19ra.

Bi hilabete besterik ez dira falta udan sartzeko, eta txikiek urtero moduan aisialdirako tartea izango dute Hernaniko Udalak antolatutako udalekuekin 'Go!zatu udan!'. Urtero moduan bi udaleku antolatu dira: alde batetik, udaleku irekiak ekainaren 29tik uztailaren 21era bitartean; eta bestetik, kirol udalekuak uztailaren 3tik 21era bitartean. 

Udaleku irekietan, jolasak eta aisialdirako jarduerak, adin-tarte bakoitzari egokitutako programazioaren araberakoak dira. Eta Hernanin erroldatuta egon edo ikasten duten haurrei zuzendutako udalekuak dira, 2013 eta 2019 urte bitartean jaiotakoei, hain zuzen. Goizeko 09:00etatik 13:00etara bitartean izango dira eta matrikulazioaren prezioa 102 eurokoa da. Eta matrikulazioari buruzko xehetasunak eman ditu Udalak: «Matrikularen tasaren salbuespena eta murrizketa eska daiteke Haur eta Gazteria bulegoan. Horretarako dagokion eskaera berezia aurkeztu behar da izen emate aldian». 

Kirol udalekuei dagokienez, kirol jarduera desberdinak ezagutzeko eta praktikatzeko aukera eskaintzen diete gaztetxoei, besteak beste, piragua, eskalada eta errugbia. Hernanin erroldatutako edo Hernanin ikasten duten haurrei zuzenduta daude kirol udalekuak, 2011 eta 2012 urte bitartean jaiotakoei. Ondorengo ordutegia izango dute kirol udalekuek: goizeko 09:00etatik 13:00etara.  Matrikularen prezioa 100,95 eurokoa da, eta matrikularen tasaren salbuespena eta murrizketa eska daitezke Haur eta Gazteria bulegoan. Halaber, kirol udalekuetan, plazen gehieneko kopurua dago, beraz, 150 baino haur gehiagok ematen badu izena, lehentasuna izango dute herriko ikastetxeetan ikasten ari diren haurrek: «lehentasun irizpidea aplikatuta ere gehiegizkoa bada kopurua, zozketa egingo da».

 

Izen ematea, hurrengo astetik aurrera 

Udalak antolatutako udalekuetan izenemateko epea datorren asteartean irekiko da, eta maiatzaren 14ra arte egongo da horretarako aukera. Erreklamazioak jartzeko tartea, berriz, maiatzaren 15etik 19ra arte izango da. Izena emateko zenbait bide daude: telematikoki web.hernani.eus/gazteria webgunean; aurrez aurre Haur eta Gazteria bulegoa, edota telefonoz 943 33 70 41.

Baja emateko aukera ere izango dute herritarrek, eskaerak idatziz aurkeztu beharko dira. Hauek Herritarren Harrera Zerbitzuan aurkeztu beharko dira eta maiatzaren 31 izango da horretarako azken eguna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!