Sari bikoitza Legorburuk, II. Aitor Sarasua bertso-paper lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 25a, 00:00

Iñigo Legorburu eta Iker Zubeldia (hirugarren saritua), Baltsan elkartean.

'Bizitzari ten/k' lanarekin lortu zuen  II.Aitor Sarasua bertso-paper lehiaketako aurreneko saria.

Joan den igandean, II. Aitor Sarasua Bertso-paper lehiaketako sari banaketa egin zuten Ziburun (Lapurdi), eta Iñigo Legorburuk lehenengo saria eta bigarrena eraman zituen etxera. Sari banaketa, Ziburuko Baltsan elkartean egin zen eta bazkalostean, Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldia aritu ziren luze kantuan.

Bigarren saria Legorburuk eraman zuen 'Gelako azkena' lanagatik. Bertan, nerabe baten paperetik, mugikorra izaten gelako azkena den haurraren paperean jarri eta gelakideekin bizi dituen arazoak azaltzen ditu zortzi bertsotan: taldetik kanpo geratzea, mugikorrak sortzen duen pasibotasuna edo telefonoekin ikus daitezkeen edukiak, besteak beste.

Sorta horretarako aukeratutako doinua, Unai Agirre hernaniarraren Bazena eta banitu da, egitura berezikoa. Lehen lau lerroek errimatzen dute eta gero zortziko haundi batean bilakatzen da. Egilearen hitzetan: «gaia tratatzeko melodia ederra iruditzen zitzaidan, gauzak tonu serio batean hartu baina ez dramatizatzeko moduan. Nik mugikorrarekin ikusten dudan arazoaren parekoa: Gai serioa baina egun errealitate bat dena, gazte zein helduok ez dakigulako zehatz-mehatz non dagoen neurria». Bere lanarengatik, 200 euroko saria jaso zuen.

Noka idatzia, garaile 

Aurreneko saria ere irabazi zuen Legorburuk, gutxitan idatzizkoetan ikusten den bezala, hitanoan noka egindako 'Bizitzari ten/k lanarekin. Bertan amona baten ahotik, generoa eta identitate sexualaren egun egungo zalantzak agertzen ditu 'Kez azpitik, su gainetik' Xabier Amurizaren doinu jostalarian, hain zuzen ere. 

Hala, lehenengo saria jasota, pozik agertu zen Legorburu: «halako bertso-sortak moldez eta edukiz bereziak direlako. Ahozko jardunaren oso gertuko egiten saiatu naiz, nire ama, amonei eta izebei entzun izan dizkiedan egiturak eta espresioak txertatu ditut lanean. Izan ere, adin batetik gorako gizon eta emakumeek, oso hizketa frexkoa eta gustagarria darabilte gazteagoak garenon belarrientzat. Baserri edo landa inguruko adineko emakume batean sartzen ahalegindu naiz». Lan honekin 300 euroko saria jaso du idazle hernaniarrak. Eta amaitzeko, Legorburuk harro eta pozik ondorengoa adierazi zuen: «Sarasua anaiak euskal kulturan eta batez ere bertsolaritzan izen handiak izan direlako eta hainbat belaunaldietara iritsi delako euren lana. Nire izena halako leku batean ikustea, benetan ohore bat da».

BIZITZARI TEN/K

DOINUA: Ke azpitik, su gainetik (Xabier Amuriza)

 

Erditze baten osteko
bixita azkarrean
pozaren aparrean
sartzen naun gelan ta irten
sarritan marmarrean. (BIS)
Ezin identifikatuz
diñatena aurrean
galdera bakarrean
“zer da?” ateratzen zaidan
“hau zein da?” beharrean. (BIS)

 

 

Mutil-neska nor ote den,
bazagon enpatea
zer nahi den esatea?
Nahizta beti ez asmatu
hori ez den kaltea ... (BIS)
Neretzat pertsona ez den
izena, hankartea
zertan itxi atea?
Nortasun bat garatzea
den identitatea (BIS)

 

GELAKO AZKENA

DOINUA: Baneza eta banitu (Unai Agirre)

Bihotz emotikonoak,
reggetoi politonoak
ta selfie erdi-pornoak …
dira gure ikonoak.
Burumakur ta pozik halare
behartuz lepaornoak
gure algarak meme-en menpe,
ez dira autonomoak!
Aspaldi ahaztu genituen guk
sokasalto ta kromoak
gure plazaren elkarguneak
bihurtuz telefonoak. (BIS)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!