Hernaniko neska infantilak Euskal Herriko txapeldun, batelean, erakustaldiarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 25a, 00:00

Hernaniko neskek Euskal Herriko bandera Atsegindegin astindu zuten.

Sestaon irabazi zuten bandera nagusitasunez eta beste bi laugarren postu lortu zituen Hernanik jubenil nesketan eta senior mutiletan. Kadete neskek Federazio Saria irabazi zuten, txapeldunek baino denbora hobea eginez.

Hernani Euskal Herriko txapeldun izan zen infantil nesken mailan, igandean Sestaon, batel txapelketan. Hernaniarrek erakustaldia eskaini zuten beste behin eta Gipuzkoako estropadetan gertatu bezala, Euskal Herri mailan ere erakutsi dute beste batelen gainetik daudela. Jaun eta jabe izan dira denboraldian zehar eta hurrengo helburua Espainiako Txapelketa izango da, estropada eremu berdinean. 

La Benedictako estropada eremuan Hernanik 5:06.16ko denbora behar izan zuen ibilbidea osatzeko eta bost segunduko aldea atera zion Ondarroa azpitxapeldunari (5:11.12). Hirugarren eta laugarren beste bibatel gipuzkoar sailkatu ziren. Tolosaldeak amaitu zuen podiumeko hirugarren postuan 5:14.67ko denborarekin, zortzi segundura eta sanjuandarrak sailkatu ziren laugarren, hauek ere zortzi segundura, 5:14.89 denborarekin. 

Pozez gainezka iritsi ziren igande arratsaldean herrira eta Atsegindegin zaleren batzuk zain zeuden eta ikurriña astindu ahal izan zuten herrian.

Hernani Arraun Elkarteak beste bi final jokatu zituen igandean La Benedictan. Neska jubenilek laugarren postuan sailkatu ziren finalean. Kaikuk irabazi zuen, eta Hernanik helburua bete zuen egun bat leheneago, larunbatean, finalerako sailkapena lortuta.

Euskal Herriko txapelketa lehiatzeko, finalera sailkapena lortu behar da aurrena, eta neska jubenilek lortu zuten hori. Laugarren postua errepikatu zuen Hernanik senior mutiletan. Hala ere, aipatu behar da hemen lau ontzik bakarrik eman zutela izena, eta finala zuzenean jokatu zutela. Euskal Herriko arraunak hausnarketarako bidea hartu beharko du batelekin nagusien mailan. Argi dago talde ia denek zeharo baztertu dutela garai batean garrantzitsuak ziren txapelketak.

 

Neska promesek ez zuten egunik onena larunbatean, eta denbora azkarrena lortu zuten igandean

Kronikak eginiko elkarrizketan Intza Larburu eta Mikel Lersundi entrenatzaileek aipatu zuten kadete edo promesa nesken mailan berdintasun haundia zegoela batel askoren artean eta larunbatean hori Hernaniren kalterako izan zen. 

Nahiz eta Gipuzkoako txapeldun izan, larunbatean seigarren izan ziren sailkapen estropadan eta finaltik kanpora geratu ziren. Aurreko astean, Gipuzkoako Txapelketan Tolosaldeari gertatutakoa errepikatu zuen zoritxarrez Hernanik. Ondarroa sailkatu zen laugarren postuan finalera 7:48.12ko denborarekin eta Zarautz eta Hernani bosgarren eta seigarren izan ziren 7:49.01 eta 7:49.14ko denborekin. Honela, txapeldun geratzeko aukerarik ez zuten igandean.

Hala ere, zuten guztia eman zuten hurrengo egunean eta Federazio Saria irabazi zuten Tolosaldea txapeldunak finalean eginiko denbora gaindituz. Tolosaldeak 7:40.78rekin eraman zuen bandera Tolosara eta Hernanik 7:39.70 egin zuen kontsolazio txanda horretan. 

Pena Hernani finalera sailkatu ez izana Espainiako Txapelketara joateko aukerarik gabe geratu baitira. Bi ontzik egin beharko liokete uko bere plazari, Hernanik parte hartu ahal izateko. Egun txarra izan zuten, hutsegiterik egin behar ez zen egunean. Finalean Tolosaldea eta San Juan kluben arteko lehia ezin estuagoa izan zen eta 19 ehuneneko aldea izan zen bata eta bestearen artean. Tolosaldea finaletik kanpo geratu arren Gipuzkoako Txapelketan arantza ateratzea lortu zuten Mikel Lersundik Kronikari esan bezala astean zehar. 

Neska absolutuak ere parte hartu zuten Euskal Herriko Batel Txapelketan eta ezin izan zuten finalera sailkatu. Seigarren amaitu zuten sailkapenean neska seniorrek.

Bestetik, Xabat Pastor hernaniarra azpitxapeldun izan zen Donostiarrarekin. Zierbenak irabazi zuen txapelketa eta donostiarrak bigarren izan ziren Ur Joko eta lehen aipaturiko Hernaniren aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!