Hernanik ez du nahi bezala hasi bere ibilbidea, Gipuzkoako Kopan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 25a, 00:00

Defentsan gogotik saiatu zen Hernani, baina ezin izan zion eutsi Urnietari.

Mutil seniorren taldeak 20-33 galdu zuen ligaxkako aurreneko partidua larunbatean, Urnietaren kontra.

Oso erronka zaila zeukan Hernanik larunbatean, Gipuzkoako Kopa hasteko. Urnietaren kontra jokatu zuen etxean, eta 20-33 galdu zuen, ligaxkako aurreneko partiduan. Euskal Ligako taldea da urnietarra, maila galdu berri duen arren; eta bi taldeen arteko aldea nabaritu zen kantxan. Hernaniarrak gogotik saiatu ziren defentsako lanean, baina ezin izan zioten eutsi talde urnietarraren eraso eraginkorrari.

Hori horrela, ez du nahi bezala hasi bere ibilbidea Hernanik Kopan, baina beste hiru partidu izango ditu aurretik, balentria egiten saiatzeko. Datorren asteburuan jokatuko dute hurrengoa, Zarautzen, ZKE taldearen kontra. Horren ondoren, atseden hartuko dute hernaniarrek, maiatzeko aurreneko asteburuan, ligaxkako azkeneko bi partiduei heldu aurretik: Egiaren kontra etxean, eta Tolosaren kontra kanpoan.

Ez da txapelketa erraza Gipuzkoako Kopa, Hernani bezala bigarren mailan ari diren taldeentzat. Izan ere, maila goragoko taldeen kontra lehiatu behar dute. Baina horrek, era berean, ezusteko bat edo beste emateko ilusioa pizten die, ez baitaukate ezer galtzekorik. Asmo horrekin ariko dira hurrengo hiru partiduetan ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!