Euskadiko Txapelketa irabaztea lortu zuten Hernaniko mutil infantilek

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 25a, 00:00

Txapelketa bikaina egin zuen Hernanik.

Madre de Dios talde antolatzailearen aurka jokatu zuten finala, eta 1-3 irabazi zuten hernaniarrek.

Igandean jokatu zen, Bilboko Madre de Dios ikastetxean, Euskadiko Infantil Mutilen Txapelketa. Bertan izan zen Hernaniko taldea, eta txapelketa bikaina osatuta, garaipenarekin itzuli ziren Bilbotik.

Ibilbide zaila egokitu zitzaien txapelketan; Jatorkide talde gasteiztarraren aurka jokatu zuten finalaurrekoa. Partidua ez zuten nahi bezain ondo hasi, eta lehenengo jokoa arabarrentzat izan zen, 25-17. Urduritasunak gain hartu zien Hernaniko jokalariei hasierako uneetan, baina bigarren jokotik aurrera lasaitzea lortu zuten, eta jokaldi bikainekin irauli zuten markagailua.

Bigarren jokoan sekulako errepasoa eman zioten aurkariari, 6-25 irabazita, eta hirugarren tartean juxtuago baina irabaztea lortu zuten, 14-16. Halaxe lortu zuten finala jokatzeko sarrera.

Final haundia antolatzaileen aurka

Etxeko taldearen aurka jokatu zuten final haundia, Madre de Dios taldearen kontra, hain zuzen. Bikain hasi zen finala Hernanirentzat, eta 0-2 aurreratzea lortu zuten. Hirugarren jokoan, aldiz, ezin izan zuten nahi bezain ondo jokatu, eta 25-23 irabazi zuten bilbotarrek. Hala, laugarren jokoan erabaki zen finala; kasu honetan emaitza errepikatu zen, 23-25, baina Hernaniren alde. 

Infantil neskek ezin, Lekeition

Infantil neskek ere asteburuan jokatu zuten Euskadiko Txapelketa, Lekeition. Sestaoren aurka jokatu zuten lehenengo partidua, eta bizkaitarrek pistan erakutsi zuten zergatik ziren faboritoak. Nagusitasunez garaitu zituzten hernaniarrak, eta lehenengo partiduaren ondoren aukerarik gabe geratu ziren. Dena den, zapore gozoarekin amaitu zuten, bigarren partiduan Harresiri 2-0 irabazita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!