8 urteko kartzela zigorra, Senper Enean hilzorian agertu zen gizonaren erasotzaileei

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 24a, 00:00

Biktima hilzorian utzi zuten tokia, Martindegiko Senper Enea baserrian.

Zikuñagan jipoitu, eta larri zaurituta eta eskuak lotuta utzi zuten Martindegiko baserrian, 2021eko apirilaren 16an.

8 urteko kartzela zigorra ezarri dio Gipuzkoako Auzitegiak bikote hernaniar bati, 48 urteko gizon bat jipoitu eta hilzorian uzteagatik. Hilketa saiakera gisa izendatu du epaitegiak. Auzipetutako hirugarren pertsonari, berriz, lau urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio, konplize gisa, biktima autoz eramaten laguntzeagatik; baina behin-behineko askatasuna aitortu dio, zenbait baldintzarekin. Bikoteak, gainera, 125.375,99 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimari.

2021eko apirilaren 16an gertatu zen erasoa, Zikuñaga auzoko okupatutako pabiloi batean, biktima eta auzipetuetako bat (44 urteko gizona) bizi ziren lekuan. Bien artean eztabaida gogor bat izan zen, 21:30ak aldera; eta auzipetuaren bikoteak (35 urteko emakumea) zarata entzun zuenean, bertaratu eta biktima buruan kolpatu zuen objektu gogor batekin. Segidan, kolpe ugari eman zizkioten biek, eta kontzientziarik gabe utzi zuten. Eskuak lotu zizkioten, eta biktima zaku batean sartuta, hirugarren auzipetuaren autoko maleteroan eraman zuten Martindegi auzoko Senper Enea baserrira, hutsik eta salgai zegoena. Bertan utzi zuten gizona, hilzorian, eskuak lotuta, ahoa estalita eta buruz behera. Ondoren, hiru auzipetuek beste lagun batekin afaldu zuten, biktimaren laguna ere bazena; eta gertatutakoa kontatu zioten. Hark ez zion garrantziarik eman, biktimak bere deiak erantzuten ez zituela ikusi zuen arte. Orduan, erasotzaileek aipatu zioten baserrira bertaratu zen, eta hilzorian topatu zuen laguna. Hautsita zeuzkan burezurra, masailezurra eta sudurra, hilabete inguru eman zuen induzitutako koma egoeran, eta urtebete baino gehiago behar izan zuen osatzeko, sekuelak geratu zaizkion arren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!