Kultura zientifikoko lehiaketan finalista, Hernani BHIko batxilergoko ikasle talde bat

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 24a, 00:00
Taldeko hainbat ikasle, laborategian probak egiten.

Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, kristalizazio lehiaketaren semifinala gainditu dute, eta maiatzaren 19an izango dute finala.

Oso erronka polita dauka esku artean, datozen asteotarako, Hernani BHI institutuko ikasle talde batek. Izan ere, kultura zientifikoko lehiaketa baten finalera sailkatu da batxilergoko lehenengo mailako 15 ikaslek osatutako taldea. Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako lehiaketa da, kristalizazioari es­­kainitakoa; eta semifinalean au­rrera egitea lortu dute hernaniarrek, «sormen haundiz egindako bideoarekin», institutuak nabarmendu duenez.

Orain, finalean, epaima­hai­aren aurrean egin beharko dute beraien lanaren defentsa. Maiatzaren 19an izango da hori, EHUren Leioako zientzia fakultate­an. Kongresu formatua izango du finalak, eta bertan, beraien kristalak erakutsi beharko dituzte ikasleek, azalpen zientifikoa baliatuz.

Lehiaketarako «sormen haundiz» prestatu duten bideoko irudi bat.
 

Geologiaren adarra da kristalografia, eta lehiaketaren helburua da DBHko eta batxilergoko ikasleak horretara gerturatzea eta ezagutaraztea, metodo zientifikoa eta laborategiko esperimentuak erabiliz.

Euskal Autonomia Erkidegiko ikastetxe askok hartu dute parte, eta beraz, lorpen haundia da finalera sailkatu izana: «Ikasleen eta bultzatzen eta aholkatzen dituen irakaslearen lanaren isla da», goraipatu dute Hernani BHI institututik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!