«Sumendiarekin batera itzali zen interesa, baina sekulako arazoa daukate La Palman»

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 23a, 00:00

Zikuñaga Ruiz Miner hernaniarra, liburuaren hiru edizioekin.

'Las otras historias del volcán' liburua argitaratu du iLove The World produktorak, erabat solidarioa; eta proiektuaren parte izan da, bete-betean, Zikuñaga Ruiz Miner hernaniarra.

Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta ohikoa izaten da liburu bat oparitzea, edozein motatakoa dela ere. Horien artean, izaten dira tarteka liburu solidarioak, modu altruistan egindakoak. Horietako bat da Las otras historias del volcán izenekoa, iLove The World ikusentzunezkoen produktorak argitaratutakoa, La Palman 2021eko irailetik abendura lehertu zen sumendiaren inguruan. Eta pro­iektu horren parte izan da, be­te-betean, Zikuñaga Ruiz Miner hernaniarra.

«Kasualitatez» hasi zen dena, bera ez baitzen inoiz La Palman egondakoa: «Madrilen bizi naiz duela 30 urte baino gehiagotik, eta Tu tiempo con Roberto Brasero telebista saioko produktore gisa egiten dut lan, kameraren atzean. Sumendia lehertu zenean, iLove The World Tenerifeko produktorak bidaltzen zizkigun irudiak, eta horren ondorioz, egunero hitz egiten nuen beraiekin».

Irudiak hedabideei helarazteaz harago, beste funtzio bat betetzen ere hasi zen produktora, Zikuñaga Ruizek azaldu duenez: «Ikusi zuten sumendiak dena harrapatuko zuela azpian, eta lur jota geratu ziren. Horregatik, enpresak zeuzkan konpromiso batzuk alde batera utzita, bertako jendeari lagundu nahi izan zioten, eta zerbitzu bat eman. Etxea utzi behar izan zuten horiei, dronak baliatuta, erakusten zieten nola zeuden beraien etxeak, zutik ote zeuden ere ez baitzekiten. Gauero argitaratzen zituzten 360 graduko argazki pila bat, doan. Kasu askotan, etxea behar zuen tokian dena beltza ikusten zuten, beraien etxea ez zela existitzen esan behar izaten zieten, eta kolpea izugarria zen».

Horrela eman zituzten hiru hilabete, «bertako biztanleen begiak izaten»; eta sumendia itzali zenean, Alfonso Escalerok, iLove The World produktorako zuzendariak, erabaki zuen liburu bat argitaratzea: «Bere esperientzia kontatu nahi zuen, eta gonbitea luzatu zien La Palmako kaltetuei, nahi zuenak kontatu zezan bere istorioa. Guztien artean osatuko zuten liburua. Berak bultzatu du proiektua, bereak dira irudiak. Eta ideia azaldu zidanean, esan nion zerbaitetan laguntzerik baneukan, esateko». Ordutik, «asteburuetan eta gauetan» lan eginez, koordinazioaz eta produkzioaz arduratu da hernaniarra, eta liburuko testu batzuk ere idatzi ditu berak: «Ez dugu inoiz libururik egin, hori ez da gure lanbidea; baina hala ere, gai izan gara liburua argitaratzeko. Autoeditatutako liburua izan da, eta denon artean egindakoa».

 

84 istorio, La Palman gertatutakoa ezagutzeko

iLove The Worldena da aurreneko istorioa, eta beste 83 ere bildu dituzte: kaltetuak, boluntario­ak, zientzialariak, suhiltzaileak, poliziak, babes zibileko lan­gileak, kazetariak, psikologoak... Istorio horiekin batera, «iru­di ikaragarriak» jasotzen ditu liburuak: «Etxe batzuk daude labak estalita, beste batzuk errautsetan lurperatuta... Irudi batzuk ez dituzte sekula argitaratuko, gogorregiak direlako». Zentzu horretan, Zikuñaga Ruizek nabarmendu du etxera bueltatu ezinik jarraitzen dutela askok eta askok, etxea lurperatuta ez egonda ere, gasek ez dietelako baimentzen: «Herri turistikoa zena, herri mamu bilakatu da. Sumendia itzaltzearekin batera, itzali zen gaiarekiko interesa ere, eta horretaz ahaztu dira denak. Baina sekulako arazoa daukate Aridane bailaran; Los Llanos de Aridane, El Paso eta Tazacorte herrietan».

Bada beste atal bat liburuan, Sumendiaren dominak izenekoa: «Domina ofizialak instituzioek jarri dizkiote euren buruari; baina egon da jendea bizilagunak etxean hartu dituena hilabete luzetan, etxe gabe geratu direlako. Horrelakoak bildu ditugu atal horretan, kaltetuek bizilagunei eta lagundu zieten guztiei egindako eskertzak. Horiekin ez baita inor gogoratu», dio Ruizek.

Iazko udaran argitaratu zuten liburua gaztelaniaz, baina beste bi hizkuntzatan ere kaleratu dute: alemanieraz abenduan, kaltetuetako asko alema­niarrak direlako, bertan etxea zeukatenak; eta ingelesez duela hilabete inguru. «Gustatuko litzaidake euskeraz ere argitaratu ahal izatea, baina zaila da, gutxienez 1.000 ale argitaratu behar direlako», dio Ruizek. Orain arte, 12.000 ale inguru saldu dituzte, eta horrela, gastuak ordaindu ondoren, 145.000 euro bideratu ahal izan dituzte La Palmako Tierra Bonita GKEra: «Bere helburua da, kaltetutako biztanleei aholkularitza juridikoa eta legala ematea». Liburua salgai dago interneten, lasotrashistoriasdelvolcan.es webgunean.

Liburua argitaratu dute, baina proiektuarekin lanean jarraitzen dute, bertako biztanleei lagundu ahal izateko: «Lau aldiz izan naiz La Palman, eta azkenekoan, duela hiru aste, grabatu genuen irla osoa dron termikoekin, tenperaturak neurtzeko. Orain urtebete joan nintzen aurrenekoz, eta elkartu genituen 500 ume futbol zelai batean, irudi batzuk egiteko. Esperantzazko hitzak osatu zituzten denen artean. Beren eskola, etxea... galdu dute, eta beraiek atera beharko dute irla aurrera, hemendik urte batzuetara. Hain justu, esperantzazko irudi horiekin eman genion bukaera liburuari».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!