Eguraldi tristeari giro alaia gaur ere, Erdi Aroko azokaren azken egunean

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 23a, 00:00

Treefolk taldeko musikariak, azoka girotzen, atzo eguerdian. Gaur ere ez dute hutsik egingo.

Ehunka herritar gerturatu dira aurreko bi egunetan Erdi Aroko azokako postuetara, eta gaur izango da azkeneko aukera horretarako.

Erdi Aroko azokak hartu ditu Hernaniko kaleak eta plazak, asteburu honetan; eta jende asko erakarri du bertara. Eguraldi tristearekin ere, bisitariz bete dira Urbieta kalean, Plaza Berrin eta Tilosetan jarri dituzten postuak. 

Bi ume, pitxiekin txundituta.

Denetik aurkitu daiteke bertan: mota guztietako artisau postuak, elikagai postuak, eta ostalaritza gunea. Bestalde, goizeko 11:00etan, azoka irekitzearekin batera, zabalduko dituzte haurrentzako Erdi Aroko jolasen txokoa eta jolas ekologikoen parkea ere. Eta horiekin batera, azoka girotuko duten hainbat talde ere izango dira kalean. Zirko Loretsua taldeak, esaterako, lau saio eskainiko ditu gaur, 11:00etan, 13:30etan, 17:30etan eta 19:00etan. Treefolk musika taldea, berriz, 11:45etan eta 18:00etan aterako da kalera, eta beste bitan Te Atraca La Calle animazio taldea, 13:00etan eta 18:30etan. Eta azkenik, Amalurra ipuin kontalariak hiru saio eskainiko ditu, 11:30etan, 17:00etan eta 19:00etan.

Iluntzeko 20:00etan itxiko dituzte postuak, eta horrekin emango diote bukaera aurtengo Erdi Aroko azokari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!