EAJren ustez, etxebizitzaren auzia «ez da behar bezala kudeatu»

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 22a, 00:00

Argazkia: Hernaniko EAJ-PNV

Jeltzaleek nabarmendu dute gazteek «ez dutela herrian etxebizitzarik izateko aukera epe ertainean».

EAJ-PNVk Hernaniko etxebizitzaren egoera kritikatu du. Andoni Amonarraizek, udal taldeko bozeramaileak, adierazi du Hernaniko gazteek «ez dutela gure udalerrian etxebizitzarik izateko aukerarik epe ertainean». 

Amonarraizek inguruko herriekin alderatu du Hernani: «Zergatik dagoen etxebizitzaren eraikuntza geldirik Hernanin, eta ez Urnietan edo Lasarten? Bada, Hernaniko Arau Subsidiarioak garatzeko Jarduketa Programan adierazten delako Floridako etxebizitzek 'lehentasuna' dutela, eta horrek udalerriko beste eremu batzuetan eraikitzeko aukera baldintzatu du orain arte, eta baldintzatuko du etorkizunean ere». EAJ-PNVtik gehitu dute «Hernaniko seme-alabek Urnietara, Lasartera edo Astigarragara joan behar dutela, Hernanin Arau Subsidiarioak ez direlako ondo kudeatu».

Floridako proiektua ez gauzatzearekin ere kritiko agertu da Hernaniko EAJ-PNV: «Etxebizitza sozialak eraiki ez direnez, ezin dira Hernaniko beste eremu batzuetan etxebizitza libreak edo babes ofizialekoak eraiki». Amonarraizek azaldu du Floridako etxebizitzek EH Bilduk proposatutako bidearen kostuaren %42,5 «bere gain hartu beharko» luketela, bide horrek «Floridako trafikoa Zinkoeneatik igaro gabe ateratzea» aurreikusten duelako. 

Amaitzeko, EAJ-PNVren proposamenak «alboratu» izana gaitzetsi du Amonarraizek: «Esan ziguten gure aukera ez dela bideragarria, baina 2022ko azarotik zain egon gara, ez dugu hori adierazten duen txostenaren berririk izan. Azkenean, martxoko azken astean jaso dugu, baina lotsagarria dena da txostena 2022ko irailean sinatuta egotea, eta komunikabideetan salatu arte eman ez izana. Fede txarrarekin egin dela uste dut».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!