Eskualde batzarra egin zuen LAB Sindikatuak, Milagrosan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 22a, 00:00

Mobilizazioak antolatu dituzte maiatzaren 1erako.

Maiatzaren leheneko mobilizazioak, udazkeneko Greba Orokor Feminista eta Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna izan zituzten hizpide.

Eskualde batzarra egin zuen, pasa den ostegunean, LAB Sindikatuak. Milagrosan bildu ziren sindikatuko kideak, eta hiru gai nagusi landu zituzten: Maiatzaren lehena, udazkeneko Greba Orokor Feminista eta Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna. 

Bi mobilizazio egingo dituzte maiatzaren 1ean. Lehenengoa Donostian izango da, Easo plazatik abiatuta, eguerdiko 12:00etan. Bigarrena, berriz, Hernaniko Gudarien plazatik irtengo da, arratsaldeko 18:00etan. Lau aldarrikapen nagusi egingo ditu LABek egun horretan: zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzea, herritar orori zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatzea, trantsizio ekologista abiatzea eta burujabetzan sakontzea. 

Landutako beste bi gaiei dagokienez, LABek bat egingo du udazkeneko Greba Orokor Feministarekin; eta apirilaren 27an mobilizazioa egingo dute Bilbon, Lan Osasunaren Nazioarteko egunean. 

Batzarraz gain, sindikatuaren egoitza berria inauguratu zuten; Plaza Berrin kokatuko da aurrerantzean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!