Hernani maiatzaren 14an hasiko da, Astigarragak bigarren urtez jarraian jokatuko ez duen Herriartekoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 22a, 00:00

17 herrik eman dute izena eskuzko txapelketan eta hernaniarrek finalzortzirenak, Altzo eta Bergararen arteko norgehiagokaren arteko irabazlearen kontra jokatuko ditu. Joaneko partidua kanpoan izango dute hernaniarrek.

Pasa den asteartean aurkeztu zen Donostian Herriarteko pelota txapelketa. Bigarren urtez jarraian Astigarragak ez du parte hartuko txapelketan eta beraz, Hernani izango da bailarako ordezkari bakarra. Guztira 17 herrik hartuko dute parte eta beraz final zortzirenetan hasiko dute Herriartekoa hamabost herrik eta hamaseigarrena Altzo eta Bergararen arteko irabazlea izango da. 

Hain zuzen, zozketak nahi izan du Hernaniaren aurkaria Altzo edo Bergara izatea final zortzirenetan. Altzotarren eta bergararren arteko kanporaketarekin hasiko du Herriartekoa datorren apirilaren 30ean. Maiatzaren 7an jokatuko da itzulerakoa eta final zortzirenak maiatzaren 14an hasiko dira. Hernanik joanekoa Bergaran edo Altzon jokatuko du eta itzulerakoa, Hernaniko Udal Kiroldegiko frontoian, maiatzaren 21ean izango da.

Final zortzirenak gaindituz gero, Zumarraga edo Ataun izango da aurkaria eta finalerdi hipotetiko batzutan Oiartzun, pasa den urteko irabazlea, edo Azkoitia, herriarteko gehien irabazi duen herria, aurkitu ditzazke Hernanik.

 

Gomazko paletan Hernanik eta Astigarragak ez dute lehenengo kanporaketa jokatuko

Herriartekoa ere jokatuko da, urtero bezala, beste modalitate batzutan. Puntaz eta palaz ez dago bailarako ordezkaririk, baina bai gomazko paleta txapelketan. Hemen 14 herrik hartuko dute parte eta Hernanik eta Astigarragak ez dute jokatuko lehenengo kanporaketa.  Zozketa lagun izan zuten Urumea bailarako bi herriek. Honela, final laurdenetan hasiko dute txapelketa. 

Astigarraga eta Hernani koadroko adar ezberdinetatik doaz eta beraz ez lirateke aurkituko finalera arte. Final laurdenetan astigartarrek Oiartzun edo Zumarraga izango dute aurkari eta Hernanik berriz, Zestoa edo Zumaia aurkituko lukete. 

Txapelketa maiatzaren 28an hasiko dute eta itzulerako partiduak Txomiñenen eta Hernaniko frontoian izango dira.

 

Hiru txapelketa berri hasiko dira aste honetan

Asteburu honetan hiru txapelketa ofizial hasiko dira.

Gipuzkoako Lau T'erdi txapelketan bailarako 20 pelotarik hartuko dute parte maila ezberdinetan; zortzi pelotari kadeteek, sei pelotari gazteek eta beste sei pelotari seniorrek.

Errendimendu talentu txapelketa ere hasiko da infantiletan eta C.D. Hernaniko hiru pelotarik jokatuko dute. Bertan jokatuko dute Gipuzkoako 10 haur pelotari onenek eta horien artean daude: Ekhi Oses hernaniarra, Oier Arsuaga hernaniarra eta Imanol Ormazabal astigartarra. Binaka txapeldun geratu ziren Gipuzkoako torneoan.

Errendimenduko Udaberri Txapelketan Mundarroko sei pelotarik, C.D. Hernaniko 12 pelotarik eta Behar Zana klubeko zeditutako batek txapelketa honetan parte hartuko dute. Kimuetan sei taldek jokatuko dute eta haurretan hiru bikote ariko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!