«Pasa den asteburuan lehor aldekoen iraultza izan zela entzun zen Pasaian»

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 22a, 00:00

Intza Larburu eta Mikel Lersundi, infantil eta promesa nesken entrenatzaileak.

Hernani Arraun Elkarteak lau bandera irabazi zituen neska infantilen eta promesen mailan Gipuzkoako Txapelketan. Aldeko olatua baliatu nahi dute Intza Larburu eta Mikel Lersundi entrenatzaileek gaur eta bihar, Sestaon jokatuko den, Euskadiko Batel Txapelketan.

Gaur eta bihar Euskadiko Batel Txapelketa jokatuko da Sestaon, La Benedicta parean. Gaur, arratsaldean zehar biharko finaletarako sailkapen estropadak izango dira. Hernani Arraun Elkarteak maila ezberdinetan parte hartuko du eta itxaropen haundiak ditu klubak emaitza onak lortzeko, Gipuzkoako Txapelketan infantil eta promesa mailetan txapeldun geratu eta gero. 

Batel horien entrenatzaileak dira Intza Larburu eta Mikel Lersundi. Hernani pasa den urtean Euskadiko txapeldun izan zen promesa nesken mailan eta aurten bi bandera irabazteko borrokan izango da, nahiz eta ontzi bizkaitarrek eskainiko duten maila zaila den jakitea. «Azken urteetan Gipuzkoaren eta Bizkaiaren artean konfrontazio jardunaldia antolatzen zen aulki mugikorrean, baina aurten ez da egon. Tamalez ez dugu erreferentziarik. Hala ere, batel bizkaitarrak adin horietan ongi konpetitzen dute eta lehiakorrak dira», aipatu du Mikel Lersundik.

Pasa den asteburuan Hernanik, guztira, lau bandera irabazi zituen, bi ligakoak eta bi Gipuzkoako txapelketakoak. Egun historikoa izan zen Hernaniko arraunarentzat. Intza Larburuk aipatzen duenez, «Liga guztian goiko postuetan ibili gara, baina txapelketak beste mundu bat dira. Lehenengo sailkatu egin behar da finalera eta gero finala irabazi. Hori ez genuen espero».

Mikel Lersundik gogoratzen duenez infantilen garaipena eta promesa edo kadeteen garaipena ezberdinak izan dira: «Infantilek Liga goitik-behera menderatu dute, bi estropada kenduta. Infatiletan irabaztea esperotakoa zen. Promesen garaipena Ligan ez zen ezustekoa izan, baina zaila jarri zen azkenaurreko estropadan. Ez zegoen gure esku. Tolosaldeak aurre hartu zigun eta gure eta beraien artean beste ontzi batek sartu behar zuen larunbateko estropadan. Zoritxarrez tolosarrentzat, ez zuten asteburu ona izan eta finaletik kanpora geratu ziren». Nahiz eta beraiek huts egin Hernanik bere lana ezin hobeto bete zuen azken bi estropadetan. «Ez dut zalantzarik tolosarrak berriz ere, borrokan, aurkari gogorrak izango ditugula Euskadikoan». 

 

«Infantiletan nagusitasunez gailendu dira eta promesetan zortzi talde daude Gipuzkoan hamar segunduren barruan»

Mikel Lersundik eta Intza Larburuk diotenez promesetan ontzi asko daude segundu gutxiren barruan. «Tolosaldeari gertatu zitzaiona da, hamar segundutan zortzi talde gaudela eta edozein deskuido ordaindu egiten da. Zorte pixka bat izanda eta lanak ongi eginda emaitzak etorri dira». Berdintasun hori ikusteko aukera izango da gaurtik aurrera Euskadiko txapelketan.

Hernanik eskarmentua du, pasa den urtean maila honetan irabazi baitzuen Euskadiko bandera eta oraindik ere ontzi txapeldunetik arraunlariren bat geratzen da. «Erdiak jubeniletara igo dira eta beste erdiak aurten bigarren urtekoak dira, aurreko urtean lehenengo urtekoak izan eta gero. Gipuzkoako Liga, Gipuzkoako Txapelketa eta Euskadikoa irabazi zuten. Espainiakoan bosgarren sailkatu ziren». Promesetan emaitza horiek errepikatzea ez da erraza izango. Aurreneko bi pausoak eman dituzte. 

Infantiletan baikorragoak izateko argudioak dituzte. Nagusitasuna erakutsi dute Gipuzkoan. «Infantiletan arraunlariak mantendu ditugu, baina pasa den urtean lehenengo urtekoak ziren eta aurten bigarren urtekoak dira. Elkarrekin denbora daramate arraunean eta hori nabaritzen da».

Helburua txapelketa guztiak lehiatzea da. «Estatuko txapelketa ere Sestaon izango da. Kaikuk 100 urte beteko ditu aurten eta urteurrena ospatzeko bertan izango da txapelketa. Gure erronka sailkatzea izango da. Euskadiko lehenengo hiru batelek lortzen dute sailkapena eta uko egiten badu batelen batek laugarrena sailkatuko da». 

 

«Leraten hiru eguneko egonaldia egiten dugu Aste Santuan, esperientzia ikaragarria da»

Batel denboraldia txapelketa nagusienekin amaitzen da eta amaiera hori Aste Santuen bueltan izaten da. Garai ona da taldeak elkarrekin biltzeko eta denbora gehiago elkarrekin igarotzeko. Intza Larburuk sortzen den giroa azpimarratu du. «Urtero egiten dugu bidaia Leratera, Allozeko urtegira Aritzalekuko kanpinera. Hiru egun igarotzen ditugu elkarrekin eta aukera ezin hobea izaten da entrenatzeko, elkarrekin giroa sortu eta taldea indartzeko. Aukera aproposa da txapelketak prestatzeko». 

Emaitzak ikusita argi dago hernaniarrek ez dutela denbora galdu eta ongi aprobetxatu dutela hobetzeko. «Bi saio egin ditugu egunero, bat goizean eta bestea arratsaldean. Hortara gaude eta oso gustora egoten dira arraunlariak. Beraientzat esperientzia ikaragarria da. Lanerako eta ongi pasatzeko aukera eskaintzen du, polita da».

Leratetik bueltan ohiko lanarekin jarraitu du taldeak Elorrabin eta bertan prestatu dute Euskadikoa. 

Infantilak ari omen dira asko gozatzen. «Esperientzia oso berezia izan da beraientzat. Lehenengo urteko jendea ere badago bertan, nahiz eta blokea pasa den urtean ibilitakoa izan. Pasa den urtean, Euskadikoan, final txikian sartu ziren, zortzigarren amaituz. Gipuzkoako txapelketan federazio saria irabazi zuten, bosgarren amaituz. Aurten emaitza onak lortu zitezkeela bagenekien eta sartu diren berriak, beste kiroletatik iritsi direnak, ezin hobeto egokitu dira. Txoratzen daude».

 

«Harrobiko taldea gara eta gazte asko ditugu»

Hernanirentzat oso berezia da lau bandera bi egunetan irabaztea. «Lehorrekoen iraultza izan zela entzun zen asteburuan Pasai Donibanen. Edozein klubentzat haundia da. Agian beste talde batzuentzat ohikoagoa da. Guk jaso ditugun mezuak zentzu beretik joan dira, izugarria izan dela. Klubaren barruan denboraldia dagoeneko arrakastatsua dela esan dutenak badaude, baina lanean jarraitu behar dugu. Estropada garrantzitsuak geratzen dira. Harrobia lantzen dugun klubak elkarri laguntzen ibiltzen gara. Ikusten da Hernani hor dagoela. Klasikoetatik gain agertu da beste klub bat harrobia ongi lantzen ari dena. Kopuruak ere eragiten du. Azken finean aurten kadeteetan eta infantiletan hamar arraunlarirekin gabiltza lanean eta horrek sendotasuna ematen eta aukera zabalagoak eskaintzen dizkizu lehiatzeko eta entrenatzeko garaian. Aldaketak egin daitezke, bi batelekin lehiatu zaitezke, txispa eta tentsioa mantentzeko aukera...». 

Infantil eta promesetan irabazi arren, jubeniletan ere emaitza onak lortu zituzten. «Hirugarren izan ziren Ligan eta Txapelketan. Zazpi neska jubenil dabiltza, pasa den urtean promesak ziren hiru eta bigarren urteko beste lau jubenil», dio Larburuk. «Neskek, beste behin, asko eman digute», aipatu du Lersundik. «Gustora gaude, elkartean denak laguntzen dute, zuzendaritza taldeak, entrenatzaileek, gurasoek... eta herrian bertan ere merkatari txikiek lagundu digute. Lehenengo aldiz, bateleko arraunetan komertzioen izenak agertu dira. Eskertzekoa da». 

Harrobiko taldea bihurtu da Hernani, baina seniorretarako salto hori oraindik haundia da. «Beheko mailetan fitxa aldetik ongi gaude, baina seniorretan nabaritzen dugu hutsunea. Aurten promesetan dabiltza arraunlari batzuk alebinetan hasi ziren eta bost urte daramatzate. Azpitik fitxa asko ditugu eta jendea hasten da arraunean, batez ere neskak. Jubenil bigarren urtera arte mantentzen dira taldean. Datorren urtera begira zazpi jubenil ditugu aurten eta bederatzi kadete edo promesek salto egingo dute jubeniletara. Bloke indartsua izango da trainerurako».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!