Zoru pelbikoa hizpide gaur goizean, haur antzerkia eguerdian eta sukaldaritza tailerra, arratsaldean

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 22a, 00:00

Zoo berezi bateko istorioak kontatzen ditu 'Chatungla' antzerkiak

12:00etan emango zaio hasiera 'Chatungla' antzerkiari Biterin, eta 3 urtetik gorako haurrentzat zuzenduta dago. Zoru pelbikoari buruzko hitzaldia ordubete lehenago izango da, 11:00etan; eta sukaldaritza tailerrean merienda osasungarria prestatuko dute, Gaztelekuan, arratsaldeko 17:30etan.

Makina bat jarduera izango dira nagusi, gaur, Hernaniko gazteentzako eta helduentzako, goizean eta arratsaldean. Haurrek kulturaz gozatzeko tarte ederra izango dute gaurkoan, izan ere, eguerdiko 12:00etan, Teatro Silfok Chatungla antzezlana oholtzaratuko du, Biterin. 

«Chatungla zoo berezi bat da, izaki bereziak barne hartzen dituena, bakoitza bere historiarekin eta estiloarekin. Hala ere, objektu batetik sortutakoak dira; nonbaiten topatutako katxarro edo material birziklatu batetik. Sara eta Barbara animalia fantastikoen zaintzaileak dira, txapaz, egur pusketez eta lanabes zaharrez egindakoak. Izaki berezien taldea osatzen dute, eta orain, prest daude ikuskizun handi eta ausart batean agertzeko. Txatarra festa da ikuskizun hau; arruntena berezi bilakatuko da. Irribarrea eragingo duen jolasa da». Fabrizio Azararen zuzendaritzapeko antzezlan honetako aktoreak Sara Báez eta Bárbara Sánchez Vargas dira; eta oholtzaratuko dituzte Azarak egindako txotxongiloak. 2002garren urtean sortu zuten konpainia: «hasiera batean haurrentzako bideratutako emanaldiak eskaintzen hasi ginen, baina konturatu gara, denborarekin, gure emanaldiekin haurren zein helduen interesa piztu dezakegula. Urte hauetan zehar oso teknika ezberdinak esperimentatu ditugu objektuen lengoaia bisualean oinarritutako antzerki mota bat bilatzeko. Gure antzerki-ikuspegian azpimarratzea gustatzen zaigun beste alderdi bat publikoarekiko harreman zuzena da. Gure ikuskizunak haurrak tartean sartzen saiatzen dira beti, antzerkia parte hartzeko eta ikasteko leku gisa bizitzeko aukera eskaintzeko».

 
Hitzaldia, Erdi Aroko Azoka eta sukaldaritza tailerra, besteak beste

Antzerkiaz gain, jarduera mordoek hartuko dute nagusitasuna gaurkoan, tartean, Haziak elkarteak eskainiko duen zoru pelbikoari buruzko hitzaldiak; goizeko 11:00etan hasiko da, Biterin. Sukaldaritza tailerra ere antolatu dute gaurko, Gaztelekuan. Arratsaldeko 17:30etan emango zaio hasiera merienda osasungarriak sukaldatzeko tailerrari, eta sukaldatzearekin batera, elikagai osasungarriei buruz jardungo dute hezitzaileek, gazteekin. 

Gaur, bihar eta etzi, bi pelikula proiektatuko dituzte Biterin. Horietako bat izango da 'Oink oink' haurrentzako filma; eta helduentzat, berriz, 'Loli tormenta', biak Biterin. Ikus-entzunezkoak alde batera utzita, asteburu osoan zehar Erdi Aroko azokak hartuko ditu herriko zenbait kale, eta erosketa paregabeak egiteko aukera izango dute herritarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!