'Kaixo!' aldizkariaren 61. zenbakia argitaratu du Amherrek, «aldarrikapen eta informazio» ugarirekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 21a, 00:00

Plenoan aurkeztutako mozioari buruzko informazioa bildu dute, besteak beste.

2023 urtean egindako ekintza eta egitasmoak bildu dituzte, baita datozen asteetan egingo dituzten irteerei buruzko informazioa ere.

Udaberriko oporretatik bueltan, Amher elkarteak 'Kaixo!' aldizkariaren ale berria argitaratu du; 61. alea. 2023 urtean egindako ekintzak, proposamenak eta egitasmoak bildu dituzte bertan, «informazioa eta aldarrikapenak» uztartuta: «2023ari ekin diogu Hernaniko ibilbide morea eginez, Ereñozura joanez eta hurrengo ibilaldia antolatuz Leitzaranera; emakumeon egunean, arrazakeriaren aurka, etxeko langileen eskubideak, ErregularizazioaOrain!-ren alde eta aterpe eskubidearen alde aldarrikatuz; ijitu herria ezagutuz, Hernanitik mundura begiratuz, euskara eskolak berraktibatuz, jaialdi gastronomikoa antolatuz...».

Guzti horri buruzko testuak bildu dituzte aldizkarian, eta irakurgai dago jada ale osoa, https://issuu.com/amher-sos_racismo/docs/kaixo_61 estekan.

AHLAM erakusketaren aurkezpena, arrakastatsua

Ekintzak antolatzen jarraitzen du Amher elkarteak. Atzo egin zuten AHLAM erakusketaren aurkezpena, Alaia Martinen bertsoekin lagunduta. Susana Martinek eta Cristina Buenok sortutako komiki batetik abiatutako erakusketa da, UNRWA Euskadi erakundeak bideratua. Bertan, Libanoko emakume Palestinar errefuxiatuen istorioak eta errealitatea ezagutzeko aukera dago, eta Kulturarteko Plaza Feministan egongo da ikusgai apirilaren 28ra arte.

Datozen asteetan ere zenbait jarduera egingo ditu Amherrek. Datorren astelehenean, hilaren 24an, lan aholkularitzari buruzko hitzaldia antolatu dute. Arratsaldeko 18:00etan izango da, hau ere Kulturarteko Plaza Feministan. Aldizkarian aipatu duten bezala, maiatzaren 7an Leitzaranera joango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!