Gaur estreinatuko dute 'Orri zuriak betetzen' dokumentala, Erribera kulturgunean

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 21a, 00:00

Arratsaldeko 18:30etan hasiko da proiekzioa.

Gerra zibileko eta frankismo garaiko biktima astigartarrei ematen die hitza dokumentalak. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da proiekzioa. 

Gaur estreinatuko dute 'Orri zuriak betetzen' dokumentala. Gerra zibileko eta frankismo garaiko biktima astigartarren testigantzak jasotzen ditu dokumentalak, eta «Astigarragako memoria historikoa berreskuratzea» izan da egileen helburua: «Biktima izan ziren astigartarrei ematen zaie hitza; garai batean, beldurraren ondorioz, zeharka idatzita edota idatzi gabe gelditu ziren orri zuriak modu batera edo bestera idazteko asmoz».

Proiekzioa arratsaldeko 18:30etan hasiko da, Erribera kulturguneko antzokian, eta euskeraz grabatuta dagoen arren, gaztelaniazko azpitituluekin jarraitzeko aukera izango dute ikusleek. 

Emanaldia bukatzen denean, antzokian bertan, solasaldi labur bat egingo dute; horretarako, bertan izango dira Josu Ibargutxi, Goldatu Frankismo garaian atxilotu eta hildakoen senideen elkarteko bozeramailea, Maddalen Laburu, ikerketa lanaren egilea, eta Eneritz Aulestia eta Unai Alberdi, ikus entzunezkoaren zuzendariak. 

«Urrats bat gehiago da dokumentala»

Astigarragako alkateak, Xabier Urdangarinek, gogorarazi du azken urteetan «hainbat urrats eman dituela udalak biktimen errekonozimenduan eta erreparazioaren bidean». 

Urdangarinek zenbait adibide aipatu ditu: «Batetik, 2021eko apirilaren 27an, udalak bi kereila kriminal jartzea onartu zuen Astigarragan diktadura frankistak eragindako gizateriaren aurkako krimen guztiak iker daitezen. Bestetik, udalak frankismoaren biktimen testigantzak jasotzeko bulegoa ireki zuen».

Bide horretan, Urdangarinek nabarmendu du dokumentala «biktimei dagokien aitortza emateko eta memoria historikoa berreskuratzeko bidean eginiko urrats bat gehiago» dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!