Gaur aurkeztuko du Hernaniko EH Bilduk maiatzaren 28ko Udal Hauteskundeetarako zerrenda. Arratsaldeko 18:30etan jarri dute hitzordua, eta Plaza Berrin egingo dute ekitaldia: «Gurea proiektu kolektiboa denez, zerrendabururik onenak ere hautagai onak baititu inguruan!».
Horrez gain, 2019-2023 Legealdiko balantzea egin du EH Bilduk. Legealdi «gorabeheratsua bezain emankorra» izan dela nabarmendu dute, pandemia eta pandemiak sortutako egoeraren kudeaketak markatutakoa: «Egoeraren larritasuna eta uneoro aldatzen ziren neurrien anabasaren artean igeri, ahal zen modurik onenean aurre egin genion gure bizimodua eta planak hankaz gora jarri zituen pandemiari».
Kudeaketaren balorazioa egiteko, bost puntu nabarmendu ditu EH Bilduk: «Gobernatzeko modu eraldatzaile bat abiatzea, zaintzaren eta adinekoen aldeko apustua, kultura eta euskararen indartzea, jasangarritasuna eta zerbitzu publikoen indartzea». Neurri eta proiektuen artean aipatu dituzte Biteriren birgaitzea, Hernani UEMAn sartu izana, Europako Zero Waste ziurtagiria eskuratzea eta Kulturarteko Plaza Feministaren sorrera, besteak beste.
Legegintzaldia «estrategikoa» izan dela ere aipatu dute, «etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest» daudela nabarmenduz: «Udala indartu dugu, zerbitzuak hobetu ditugu eta prest gaude aurrera begirako erronka potoloei behar den moduan aurre egiteko. Hori guztia helburu nagusi batekin: kolektibo guztiek, haurrek, gazteek, adinekoek, jatorri desberdineko pertsonek... beren bizitza modu duinean garatzeko Hernani bat lortzeko».