Asteburu honetan itzuliko da Erdi Aroko Azoka Hernanira, merkatuarekin eta aisialdi guneekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 20a, 00:00

Iganderarte egongo da azoka.

Bihartik igandera arte egongo da Erdi Aroko Azoka ikusteko aukera; elikagaiak, eskulanak eta lanbideak ezagutzeko tartea eskainiko dute.

Bihar itzuliko da Hernaniko Erdi Aroko Azoka Kaxkoko kaleetara. Igandera arte egongo da merkatua herrian, eta bi eremu bereizi izango ditu. Lehena merkatua izango da; guztira 50 artisau arituko dira lanean, eta elikagaiak, eskulangintza eta lanbideak ikusi ahalko dira Hernaniko kaleetan.  

Mota askotako postuak jarriko dituzte aurtengo edizioan; loreak, gozoak, arropa, pultserak, belarritakoak edota kosmetikoak erosteko aukera egongo da. Antolatzaileek azaldu dutenez, oso berezia izango da aurtengo azoka, artisau kopurua haunditu eta eskaintza borobildu delako. 

Bigarren eremua, aldiz, aisialdirako tartea izango da. Erdi Aroko Merkatua jolaserako egitarau zabalarekin iritsiko da, eta hiru egunetarako antolatu dituzte ekintzak. Antzerki taldeak izango dira azoka girotzeko arduradunak; hala nola, Te atraca Lacalle, Amalurra ipuin kontalaria, Zirko loretsua eta Treefolk. Horrez gain, haurrentzat txoko berezi bat prestatuko dute; bertan, jolas kooperatiboak, noria ekologikoa eta karrusela jarriko dituzte, haurrak jolasteko aukera izan dezaten. 

Bihar arratsaldeko 17:00etan zabalduko dituzte postuak, eta igandeko arratsaldeko 20:00etara arte egongo dira zabalik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!