Barrenetxeak eta Goikoetxeak garaipena, txapelketa hasteko

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 19a, 00:00

Bi jokotan menderatu zituzten Martirena eta urriza, Sagardoaren Txapelketan. Aldabek eta Azpirozek irabazi zuten bestea.

Astelehenean hasi zen Sagardoaren Txapelketa, eta formatu berrituarekin jokatu zituzten aurreneko bi partiduak. Horietan, garaipena lortu zuten Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Ander Goikoetxea urnietarrak, batetik; eta Kemen Aldabe lekunberritarrak eta Xabier Azpiroz uitziarrak, bestetik.

Bi jokotan nagusitu ziren Barrenetxea eta Goikoetxea, Javier Urrizaren eta Ibai Martirenaren kontra. Oialume Zarreko bikoteak partidu bikaina jokatu zuen, hernaniarrak bereziki, bere momenturik onenean dagoela erakutsiz: primeran moldatu zen sakearekin, eta bikain aritu zen peloteoan. Horrela, konfiantza eman zion Goikoetxeari, eta oso seguru aritu zen urnietarra ere. Berdinduta hasi zuten partidua (4-4), baina 0-8ko partziala lortuta, ihes egin zuten urdinek, eta 7-15 irabazi zuten aurreneko jokoa. Bigarrena parekatuagoa izan zen, eta 11na ere izan ziren markagailuan. Baina azkeneko tantoetan, Oialume Zarreko bikotea aritu zen hobeto, berriro ere, eta 12-15 nagusitu zen, txapelketan aurreneko lau puntuak eskuratzeko. Punturik gabe geratu zen Alorreneako bikotea.

Bigarren partiduan, berriz, Petritegirentzat eskuratu zuten garaipena Aldabek eta Azpirozek. Desenpatean erabaki zen partidua, Imanol Ansaren eta Ibon Zalduaren kontra, Aburuzaren izenean. Aurreneko jokoan, 9-15 nagusitu ziren Aldabe eta Azpiroz, baina Ansak eta Zalduak eskuratu zuten bigarrena (15-12). Desenpatean, ordea, jaun eta jabe izan ziren Aldabe eta Azpiroz (1-5). Hori horrela, puntuazio sistema berriarekin, hiru puntu lortu zituen Petritegiko bikoteak, eta puntu bakarra Aburuzakoak. 

Herriz herriko bira erremonteak, larunbatean Aizarnazabalen hasita

Datorren astelehenean izango du segida Sagardoaren Txapelketak, baina horren aurretik, egitasmo berri bat jarriko du martxan Oriamendik: erremontea herriz herri zabaltzeko bira. Larunbat honetan hasiko dute, eta Aizarnazabalen egingo dute estreinako saioa. Horren ondoren, beste zortzi izango dira: Zestoan (apirilak 29), Amezketan (maiatzak 6), Orion (maiatzak 13), Beasainen (maiatzak 20), Altsasun (maiatzak 26), Villabonan (maiatzak 27), Hondarribian (ekainak 2) eta Zumarragan (ekainak 17). Gai­ne­ra, herri horietako biztanleek sarrera librea izango dute Galarretan, euren herriko saioa izan eta hurrengo astelehenean. Nahikoa izango dute NANa erakustea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!