Dirulaguntza deialdia onartu du Hernaniko Udalak, haur eta gazteen aisialdiko hezkuntza-jardueretarako begirale edo zuzendari titulu ofiziala eskuratzeko ikastaroak euskeraz egitea sustatzeko. 18 eta 30 urte bitarteko gazte hernaniarrek izango dute dirulaguntza hori eskatzeko aukera, betiere ikastaro horiek euskeraz egin badituzte eta Eusko Jaurlaritzak homologatutakoak badira. Gainera, beharrezkoa da alderdi teorikoa gainditzea eta titulua araututako gehienezko epearen barnean lortzea.
2023 urte osoan zehar aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak, eta horretarako, pertsona edo kolektibo interesdunek informazio guztia eskuratu dezakete Hernaniko udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan, edota Udalaren webgunean (hernani.eus/dirulaguntzak). Guztira, 3.000 euroko partida bideratu du Udalak, dirulaguntza horietara. Eskaerak aurkeztu daitezke hernani.eus webgunean, HHZn, edota Haur eta Gazteria Sailaren egoitzan (Ariztizabal kalea 7).