Hernani txapeldunorde, neska jubenilen Euskadiko Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 18a, 00:00

Hernaniko neska jubenilak, Euskadiko Txapelketan, larunbatean kiroldegian.

Hernaniko kiroldegian jokatu zuten torneoa larunbatean, eta Sestaoren kontra galdu zuen finala Hernanik.

Larunbatean jokatu zuten, Hernaniko kiroldegian, neska jubenilen Euskadiko Txapelketa. 12 taldek jokatu zuten, eta horien artean izan zen Hernani, hutsik egin gabe. Maila ederrean aritu ziren, finala jokatzera iristeraino. Azkenean, galdu egin zuten finala Sestaoren kontra, eta txapeldunorde izan dira.

Hiru taldeko lau multzotan ekin zioten txapelketari, eta ligaxkako bi partiduak irabazi zituen Hernanik: 25-22 eta 25-12 irabazi zuen Galdakaoren kontra, eta 25-12 eta 25-10 menderatu zuen Lekeitio. Hori horrela, bere multzoko lehenengo postuan sailkatuta, finalaurrekoetara sailkatu zen. Ostadar izan zuen kontrario, eta ondo nagusitu zen berriro ere: 25-16 eta 25-12.

Partiduak laburragoak izan ziren bi fase horietan, hiru jokotatik onenak irabazten zuen; baina ohiko formatuan jokatu zuten finala, bost jokotara. Sestao aurrean zutela, oso borrokatua izan zen finaleko aurreneko jokoa. Abantaila txiki batekin iritsi ziren hernaniarrak 20garren tantora, baina ez zuten asmatu azkeneko tanto erabakigarriak jokatzen, eta 22-25 galdu zuten azkenean. Joko horretan porrota jasotzeak min egin zien hernaniarrei, eta partidua aldatu egin zen hortik aurrera. Sestao nagusi izan zen hurrengo bi jokoetan (14-25 eta 11-25), eta txapela eskuratu zuen.

 

Mutil jubenilak finaletik gertu, Sestaon

Mutil jubenilen Euskadiko Txapelketa ere jokatu zen larunbatean, baina kasu horretan, Sestaora joan behar izan zuten hernaniarrek. Primeran ekin zi­oten txapelketari, eta 10-25 eta 17-25 menderatu zuten Madre de Dios talde bilbotarra. Ondoren, Sestaoren kontra jokatu zu­ten finalaurrekoa, eta ezin izan zuten finalera sailkatu. Oso lehiatua izan zen partidua, baina bere kantxan aritzearen abantaila baliatu zuen Sestaok azkenean, 25-18 eta 25-20 nagusitzeko. Finalean, nesketan bezala, Sestao izan zen txapeldun mutiletan ere, Udapa Jatorkide talde gasteiztarra menderatuta: 0-2 hasi zen galtzen, baina buelta ematea lortu zuen (3-2).

Datorren asteburuan, infantil mailako Euskadiko Txapelketak jokatuko ditu Hernanik: neskek larunbatean Lekeition, eta mutilek igandean Bilbon.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!