Gaur arratsaldean jokatuko da XIII. Sagardoaren Txapelketako lehenengo jardunaldia, Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 17a, 00:00

Oronan aurkeztu zuten Sagardoaren Txapelketa.

Urrizak eta Martirenak Goikoetxea V.ren eta Barrenetxea IV.ren aurka jokatuko dute. Ansa II.k eta Zalduak, aldiz, Aldaberen eta Azpirozen kontra. 18:00etan hasiko da jaialdia.

Gaur hasiko da XIII. Sagardoaren Txapelketa, arratsaldeko 18:00etan, Galarretan. Bi partidu erakargarrirekin abiatuko da txapelketa berritua; alde batetik, Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak (Oialume Zar) osatutako bikoteak Urrizaren eta Martirenaren (Alorrenea) aurka jokatuko du. Momentuko bi erremontari onenak izango dira kantxan, eta lehia estua espero da Galarretan. Bestetik, Ansa II eta Zaldua (Aburuza) Aldaberen eta Azpirozen (Petritegi) kontra arituko dira. 

Aurkezpenean azaldu zuten modura, sei bikoteek elkarren aurka jokatu beharko dute lehenengo fasean. Gainera, bereziak izango dira aurtengo edizioko partiduak, set formatuan jokatuko baitira norgehiagokak erremontearen historian lehen aldiz. Hortaz, irabazitako set kopuruaren arabera gehituko dituzte puntuak hasierako ligaxkan: lehenengo bi setak irabazita (2-0) lau puntu batuko dituzte; eta 2-1 irabazten dutenek hiru puntu gehituko dituzte. 

Galtzaileen kasuan, 1-2 galtzen dutenek puntu bakarra eskuratuko dute; 0-2 galtzen dutenek ez dute punturik gehituko, eta jokatutako bi seten arteko puntuen batuketa ez bada 16 tantura iristen, puntu negatiboa jasoko du bikoteak. 

Partiduak eta elkarrizketak Erremontari saioan

Aurten ere txapelketaren jarraipen zehatza egiteko aukera izango da ETB1en. Izan ere, Erremontari saioan errepasatuko dute jardunaldi bakoitzak utzi duena. Bertan, elkarrizketak, partiduak eta bitxikeriak ikusi ahal izango dira. Bi orduko iraupena izango du asteleheneroko saioak, eta 22:30etan hasiko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!