Hernaniko infantil eta promesa mailako neskak txapeldun, Gipuzkoako Batel Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 17a, 00:00

Hernaniko arraunlariak Gipuzkoako Txapelketa jokatu ondoren.

Emaitza bikainak lortu dituzte Hernaniko batelek Gipuzkoako Txapelketan. Batel Ligan ere bandera lortu zuten infantilek eta promesek.

Atzo goizean jokatu zen, Pasai Donibanen, Gipuzkoako Batel Txapelketa. Bertan izan ziren Hernaniko batelak, eta emaitza bikainak lortu zituzten. Infantil eta promesa mailako neskek lehenengo postua lortu zuten, eta jubenil mailako neskek hirugarrena. 

Infantilen kasuan, 9 segunduko errenta lortu zuen Hernaniko batelak bigarren sailkatuarekiko. 4:58 denboran amaitu zuten estropada hernaniarrek, lan bikaina eginda. Estuago izan ziren kontuak promesa mailan; izan ere, 2 segundu atera zizkion Hernanik San Juan taldeko batelari. 7 minutu eta 36 segundu behar izan zituzten hernaniarrek lanak amaitzeko. Jubenil mailan Tolosaldea izan zen txapelduna, eta 17 segundu atzerago iritsi zen Hernaniko batela.

Emaitza bikainak Batel Ligan ere

Asteburu oparoa izan da Hernaniko Arraun Elkartearentzat. Larunbatean jokatu zen Gipuzkoako Batel Ligako azken jardunaldia, eta beste bi bandera gehitu dituzte elkarteko garaikurretara.

Kasu honetan ere infantil eta promesa mailako neskek lortu zituzten emaitza onenak. Sekulako denboraldia osatu dute, goiko postuetan mantendu dira jokatutako hamar jardunaldietan, eta bandera eskuratu dute. Gipuzkoako Txapelketan bezala, promesa  mailan bereziki estu geratu da sailkapena; puntu bakarragatik lortu du Hernanik (185) Tolosaldea (184) garaitzea. 

Jubenil mailako neskek hirugarren postuan amaitu dute Batel Liga, eta nagusietan, kategoria absolutuan, neskek lortu dute emaitzarik onena, bigarren postuan amaituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!