Sara Azurza musikagile eta abeslari donostiarrak kontzertua eskainiko du Biterin, maiatzaren 4an

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 16a, 00:00

Orain arte egin duen lan luzeena eskainiko du Azurzak.

Arratsaldeko 19:30etan hasiko da Azurzaren kontzertua. Sarrerak salgai daude kultura.hernani.eus-en, 8 euroko prezioan.

Musikaz gozatzeko aukera izango da maiatzaren hasieran, Biterin. Sara Azurza musikari eta abeslariak kontzertua eskainiko du maiatzaren 4an, taldekideekin batera. Bost kidek osatuko dute ikuskizuna: Sara Azurzak jarriko du ahotsa, Iker Lauroba arituko da teklatuan eta gitarran, Julen Barandiaran baxuan eta Haritz Lauroba eta Andoni Etxebeste baterian. 

Azurzaren lan berria entzuteko aukera izango da kontzertuan, bederatzi kantuz osatutako proiektua aurkeztu berri baitu donostiarrak. 'Hemen Berriro' da lanaren izena, eta halako dimentsioa duen lehen proiektua da Azurzarentzat. Sentimenduetatik idatzitako letrak sortu ditu, bizitzako ziklo emozionalei buruz hitz egiten du, eta barne sentimenduetan jarri du arreta. Estiloari dagokionez,  pop, soul, funky eta elektronikarekin jolas egiten du. Antolatzaileek azaldu dutenez, «freskotasun eta kalitate handiko zuzenekoa» eskaintzen du, «musikari apartez inguratuta eta bere ahotsa aldarrikapen eta espresio artistiko gisa erabiliz».

Sarrerak erosteko aukera dago https://entradium.com/eu/events/sara-azurza estekan; 8 euro balio dute.

Morauk eta Beñardok Tolosan joko dute gaur

Musika emanaldiekin jarraituta, Andoni Tolosa 'Morau' eta Beñardoren kontzertua izango da gaur, arratsaldeko 18:00etan, Tolosako Hiru Ostatuan. 'Ardo' disko liburua aurkeztu berri dute bi musikariek, haien artisten arteko ideia trukaketak eta ekarpenak oinarri hartuta. Hala azaldu zituzten proiektuaren berezitasunak: «Berezia eduki dezake guri dagokigun ironia, umorearen erabilera, gaiaren trataera oso hurbila, xamurra baina ironikoa une batzuetan eta kritikoa besteetan…».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!