Aho zapore gozoarekin amaitu zuen denboraldia Hernanik, Uribealdeari nagusitasunez irabazita

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 16a, 00:00

Partidu guztiak irabazi ditu Hernanik bigarren fasean.

3-52 irabazi zuten Mungian, eta bigarren fasea borobildu zuten trikoloreek. Sei partidutan sei garaipen lortu ditu Hernanik. 

Era ezinhobean amaitu zuen denboraldia Hernanik. Bigarren itzulia garaipenarekin amaitzea zen trikoloreen helburua, eta nagusitasunez gainditu zuten Uribealdea: 3-53. Lehenengo zatian erakutsi zuten bizkaitarrak baino sendoagoak zirela, eta abantaila nabarmenarekin joan ziren aldageletara, 3-31. 

Bigarren zatian bide beretik jarraitu zuen partiduak. Serio irten zen zelaira Hernani, eta bikain aprobetxatu zituen sortutako aukera, Uribealdearen ezinaren aurrean. Partidua 3-52 amaitu zen, eta seigarren garaipena eskuratu zuen Hernanik. Hala, bigarren fase perfektua osatzea lortu dute trikoloreek, sei jardunalditan sei garaipen eskuratuta. 

Esperantza ugari zeuden aurtengo denboraldiarekin, eta igoera fasea jokatzea zen Hernaniren helburu nagusia. Zapore gazia geratu da azkenean, ezin izan baitzuten helburu hori eskuratu lehenengo fasean laugarren amaituta. Hiru talde sailkatzen ziren igoera fasera, eta Getxo, Zarautz eta Independiente geratu ziren Hernaniren aurretik. Talde horien aurkako norgehiagoka zuzenetan galdu egin zuten hernaniarrek, eta hortxe egin zuen ihes igoeragatik lehiatzeko ametsak.

18 eta 16 urtez azpikoek, garaipena

Jardunaldi bikaina izan zen atzokoa Hernaniko taldeentzat. 18 urtez azpikoek 95-0 irabazi zuten Riojaren aurka, eta 16 urtez azpikoek 10-7 Uribealdearen kontra. Azken hauek lidergoa berreskuratu dute jardunaldi baten faltan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!