'Ta argiya iñ zan', estreinatuko da asteazkenean Biteri kultur etxean

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 15a, 00:00

Eli Pagolak orain urtebete jaso zuen sorkuntza beka.

Arratsaldeko 19:30etan aurkeztuko dute Eli Pagolak eta Ainhoa Gutierrezek eginiko lana.

Hernaniko Udalak Sorkuntza sustatzeko dirulaguntza deialdiko zazpigarren edizioan sarituak izan ziren Eli Pagola Apezetxea eta Ainhoa Gutiérrez del Pozo. Ta argiya iñ zan Hernaniko arte sorkuntza bekari esker garaturiko arte ekintza da eta emaitza asteazkenean, apirilaren 19an, arratsaldeko 19:00etan Biteri kultur etxean aurkeztuko dute.

Arte ekintza honetan Urumea Bailarako zentral hidroelektrikoen gaineko gogoeta egiten da. Aurkezpena, artistekin prozesuaren inguruko solasaldi bat izango da eta jarraian apirilaren 19tik 28ra bitarte erakusketa ikusgai izango da. Sarrera doakoa izango da.

Bien artean ikerketa hibridoa osatu dute. Zentral hidroelektrikoak bisitatu dituzte, Hernaniko paper-fabrikakotik hasi eta Leitzako lurretan direnetaraino: zein dauden martxan eta zein dauden utzita ikusi dute eta denen artean zenbat argindar sortzeko gaitasuna luketen kalkuluak atera dituzte. 

Eta Elik eta Ainhoak galdetu dute: zein eragin dute ibaian hidroelektriken presek? Arrainek noraino dute murriztua ibaian ibiltzeko askatasuna? Horrek guztiak zer kalte sortzen dizkio bioaniztasunari?... Aldi berean, egitura hauetan eman diren aldaketak filmatu dituzte: udan bainurako leku dira presak, turbinen birarazle indartsuak dira neguan, zentral hidroelektriko batzuetan jendea bizi da edo beste hainbat erabilera ematen zaie...

Orain arteko ikerketa oinarri hartuta, arte esperientzia prestatzen ari dira: zentral hidroelektriko batera sartzeko aukera eskaini nahi lukete. Orain, egindako filmaketak eta analisiak, bildutako artxiboa eta aurkitutako piezak harremanean jartzen dituen instalazioa prestatzeko lanean ari dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!