Asko ugaritu da Urumea bailaran, eta bereziki Hernanin, Nikaraguatik eta Hondurastik etorritako bizilagunen kopurua, azkeneko urteotan. Eta ez da kasualitatea, Onix Carla Cerda González nikaraguarrak azaldu duenez: «Hona etorri garen nikaraguar gehienak, Hernaniko eta Lasarte-Oriako inguruetan kokatu gara. Somotokoa naiz ni, eta duela urte batzuk, Lasarte-Oriarekin senidetu zen nire herria. Orduan, halako dei efektu bat izan zen, eta Somotoko asko hasi ginen etortzen Lasartera eta ingurura. Eta Hernani hain gertu egonda, bertan ezarri gara asko».
Duela 13 urte etorri zen bera, bakarrik, «nire alaba zaharrena Nikaraguan utzita; eta lau urte beranduago ekarri nuen alaba». Euskal Herrira iritsi aurretik, «oso idealizatuta» zeukan bertan bizitzeko aukera: «Han esaten zidaten etortzeko, bizitza aldatuko nuela; eta itxaropen haundia neukan, lana topatu eta bizi kalitate hobea izateko. Hori dena aldatu egin da orain». Migratzeko asmo horretan, hemen senide edo lagunen bat daukatela jakiteak erakartzen ditu bertara: «Lasaitasuna ematen dizu zure herrialdeko jendea bertan izateak, bereziki senideak badira. Nik ahizpa bat daukat hemen, bere seme-alabekin; eta babes eta lasaitasun haundia sentitzen dut familiaren zati bat nirekin izanda, nahiz eta denak ez egon».
Iritsi zenetik, etxeko enpleguan eta zaintza lanetan aritu da Onix, Ertamerikatik etorritako beste asko bezala: «Etorri nintzenean, banekien etxeko enpleguan arituko nintzela; banekien zertara nentorren. Interna bezala egin dut lan, adinekoak zaintzen. Eta une honetan, Auzozaintza proiektuan egiten dut lan Hernanin, Udalak, Zabalduz kooperatibak eta Maitelan kooperatibak elkarrekin gauzatu duguna». Izan ere, Maitelan kooperatibako bazkide sortzaileetako bat da bera: «Amher elkartea ezagutu nuen, eta bertan sortu zen ideia, kooperatiba martxan jartzekoa, etxeko eta zaintza lanetan aritzen ginenok. Proiektuaren sorrera prozesuan parte hartzeak, erraztu egin zidan integrazioa. Nire lagun gehienak Latinoamerikatik etorritakoak dira, eta harreman haundia daukat beraiekin; baina era berean, harremana daukat bertako askorekin ere, lanagatik bereziki».
Auzozaintza proiektuarekin, hobera egin du bere lan egoerak; baina bestelakoa da «emakume migratzaile asko eta askorena» oraindik ere, Onixek salatu duenez: «Zaintza lanetarako dagoen beharra asetzen dugu, baina lan baldintzak ez datoz bat egiten dugun lanarekin. Interno bezala aritu nintzen, eta lan hori oso gutxietsita dago. Oso lan gogorra da, eta gainera, komentario iraingarriak entzuten dituzu kalean. 'Bilatu ezazu sudaka bat zaintzarako' eta horrelakoak, oso modu despektiboan. Jasan behar duzu zure ohituretaz, jarrerez edota ezagutzaz burla egitea. Barre egiten dizute zerbait ez dakizulako, kontuan hartu gabe oso kultura ezberdinetakoak garela. Zenbait konturekin, oraindik ez dakigu ondo nola funtzionatzen duten gauzek hemen, eta gure tokian jarri beharrean, eta lagundu eta erakutsi, tratu txarra jasotzen dugu. Eskubidea sentitzen dute gu erabiltzeko eta soldata barregarrien truke lan eginarazteko», azpimarratu du nikaraguarrak.