Hernaniko neska infantilek Gipuzkoako batel liga eskura dute gaur eta kadeteek ere irabazi dezakete

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 15a, 00:00

Pasa den urteko irudia errepikatu daiteke bihar Pasai Donibanen.

Pasai Donibanen jokatuko da ligako azken jardunaldia eta bihar izango den Gipuzkoako Txapelketako finalaren sailkapenerako baliagarria izango da. Kadeteetan Tolosaldea A eta Hernaniren artean puntu baten aldea dago.

Gipuzkoako batel liga gaur amaituko da, Pasai Donibanen, azken jardunaldiarekin. Estropada 16:30etan hasiko da eta bertan, Hernaniko bi batelek liga irabazteko aukerak dituzte. Infantil neskek bandera esku-eskura dute. Hernani A batela lider dago 126 punturekin eta zapi punturen aldea du Tolosaldea A ontziarekiko. Zortzi estropada jokatu dira eta hernaniarrek zazpi irabazi dituzte eta beraz garaile direla esan liteke. Hernani B batela zazpigarrena dago sailkapenean.

Emozio haundiena promesa edo kadete nesketan ikusi daiteke. Hernani A batela bigarren postuan dago, Tolosaldea A batelaren atzetik puntu bakarrera. Aurreko jardunaldian tolosarrek aurrea hartu zieten hernaniarrei eta bi puntu atzetik egotetik, puntu bat gehiago izatera pasa dira. Lehia estua espero da. Hernanik irabaziz gero liga eskuratuko luke. Edozer gerta liteke. 

Hernaniko neska nagusiak ere bigarren postuan daude sailkatuak absolutu nesketan, baina hemen garaipena ezinezkoa da. Kadete mutiletan Hernani bederatzigarrena da, jubenil nesketan hirugarrena eta beraz podiumera igoko dira eta mutil seniorrak zazpigarren daude sailkatuak.

 

Bihar 11:00etan Gipuzkoako Txapelketa

Gipuzkoako ligaren azken jardunaldia, Gipuzkoako txapelketako sailkapen estropada izaten da. Bertan erabakitzen dira lau igandeko lau finalistak eta Federazio saria jokatuko duten beste lau batelak. Hernaniren helburua gaur lau batel biharko finalean sartzea izango da: infantil neskak, kadete neskak, jubenil neskak eta senior neskak. Federazio sarian sartzeko lehiatuko dira senior mutilak eta kadete mutilak. 

Gaurko sailkapen estropada, binaka, erlojuz kontra izango da eta biharko finalak lauko txandekin jokatuko da Pasai Donibanen. Beraz, lau denbora onenen artean egin behar da finalean sartzeko. Asteburua historikoa izan daiteke Hernaniko arraunarentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!