Euskadiko Boleibol Txapelketa jokatuko da gaur, Hernaniko kiroldegian, jubenil nesken mailan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 15a, 00:00

Getxoko neskak izan ziren garaile kadete txapelketan, jendez gainezka zegoen kiroldegian.

12 taldek hartuko dute parte lau multzotan banatuak eta talde bakoitzak bost partidu jokatuko ditu. Hernanik, Galdakao eta Marierrota izango ditu aurkari eta multzo bakoitzeko garailea finalerdietara sailkatuko da. 

Orain bi aste kadeteen mailako Euskadiko txapelketak jokatu eta gero, gaur Hernaniko kiroldegian, jubenil nesken Euskadiko txapelketa antolatuko da 10:00etatik aurrera. Bertan, Euskadiko hamabi talde onenak txapelaren bila irtengo dira. Hiru taldeetako lau multzotan daude banatuak taldeak.

Hernani C taldean egongo da, Galdakao eta Marierrotarekin batera eta hirugarren kantxan lehiatuko dira. A taldea Sestaok, Harresik eta Bera Berak osatuko dute lehenengo kantxan. B taldea Jatorkidek, Madre de Diosek eta Toloboleik jokatuko dute bigarren kantxan eta D taldean izango dira laugarren kantxan, Getxo, Ostadar eta Gallarta.

Multzo bakoitzeko garailea finalerdietara sailkatuko da. A multzoko garaileak, B multzoko garailearen aurka jokatu beharko du finalerdietako bat eta C multzoko irabazleak, D multzoko irabazlea izango du aurkari.

Bigarren eta hirugarren sailkatuak ere kontsolazio multzoetan banatuko dituzte, azken postuak erabakitzeko, formatu berdinean. Honela, talde guztiek bost partidu jokatuko dituzte egunean zehar. 

Finalerdiak 14:30etan hasiko dira eta finalak 18:30etan hastea espero da. Beraz, egun osoko Euskadiko txapelketa antolatu da berriz ere Hernanin, 22 partidurekin. 

 

Mutil jubenilek Sestaon izango dute gaur Euskadikoa

Mutil jubenilen Euskadiko txapelketa ere antolatu da gaur, baina Sestaon izango da. Bertan, Hernanik hartuko du parte. Guztira zortzi talde dira eta finalaurrekoak jokatuko dira. Hernanik, Bilboko Madre de Dios izango du aurkari. Irabaziz gero finalerdietara pasako da eta bertan Sestao eta Hondarribiko Harresi taldeen arteko irabazlearen aurka jokatuko luke finalerako sailkapena. Beste adarrean dauden taldeak dira: Lekeitio-Galdakao eta Jatorkide-Gallarta. 09:30etan hasiko da txapelketa eta finala 17:30etan hasiko da. 

Orain bi aste, kadeteen txapelketetan, Hernani bertan, Ge­­txoko neskak eta Udapa Jatorkideko mutilak izan ziren txapeldunak. Hernani finalerdietan geratu zen kanpoan mutiletan eta multzoen fasean nesken txapelketan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!