Aranzadi elkarteak ukatu egin du biktimei buruzko salaketa

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 14a, 00:00

Coviteren, PSE-EEren eta EAJren salaketen aurrean, Aranzadi 'Oroimena' proiektuaren defentsan irten da.

Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (Covite) salatu duenez, Aranzadik bultzatutako Oroimena proiektuak, «biktimak eta ETAko kideak parekatzen ditu Galdakaoko, Villabonako, Oiartzungo, Hernaniko, Azpeitiko, Tolosako eta Orioko udalek martxan duten webgune propioetan». Salaketa horretara batu dira Galdakaoko PSE-EE eta Tolosako EAJ. Hernanin, oroimenaren mahaia, elkarrekin osatu zuten, ordezkaritza duten alderdi guztiek.

Aranzadiren erantzuna azkarra izan da. Udalek, Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean, zerrendatu dituzte udalerri horietako biktimak, eta, hain zuzen, zientzia elkarteak berak gezurtatu du Galdakaoko PSE-EEk lehenik eta Galdakaoko eta Tolosako EAJk gero egindako salaketa. Aranzadiren arabera, «erabilitako identifikazio eta kategorizazio irizpideek bereizi egiten dituzte giza eskubideen urraketa larrien biktimak eta motibazio politikoko indarkeriaren ondorioz sufrimenduak jasan dituzten pertsonak». Azken horiek ezin dira hartu «giza eskubideen urraketa larrien biktimatzat», elkarteak argitzen duenez, eta Galdakaoko edota Hernaniko zerrendan ere ez dira hala sailkatu.

Horiek horrela, Aranzadik oso argi utzi du Galdakaoko PSE-EEren idazkian aipatutakoak ez direla giza eskubideen urraketa larrien biktima gisa sailkatzen, «baizik eta beste kategoria batean», eta, azaldu duenez, «indarkeria politikoaren ondoriozko beste gertakari batzuk pairatutakoak» daude batetik, eta, bestetik, «espetxe politika eta salbuespenezko legeen aplikazioa» pairatu dutenak. «Era berean, adierazi behar da Aranzadi zientzia elkarteak aplikatutako metodologiaren azalpena zehatz-mehatz azaldu zitzaiela udal ordezkaritzari».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!