Morauk eta Beñardok, 'Ardo' lana eskainiko dute Euskal Herrian zehar

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 14a, 00:00

Andoni Tolosa 'Morau' eta Beñardo Goietxe.

Gaur Erratzun izango dira emanaldiarekin, etzi, Tolosan eta apirilaren 21ean, Urretxun.

Andoni Tolosa 'Morau' artista hernaniarrak Beñardorekin batera sortutako 'Ardo' izeneko azken disko-liburua herriz herri ari da aurkezten pasa den urteko maiatzetik eta gaur Nafarroara iritsiko da lana. Erratzuko Zubipuntan eskainiko dute kontzertua, 23:00etan hasita. Hortik, Gipuzkoara itzuliko dira, Tolosako Hiru Ostatura, etzi igandean, 18:00etan. Astebeteko bira Urretxun amaituko dute, gaur zortzi, apirilaren 21ean, Motz tabernan.

Pasa den urteko udaberrian kaleratutako diskoan, hamabi kantu bildu dituzte, eta bat izan ezik (Sagar erdi bat), Gorka Erostarbek idatzia,  gainerakoek poemak dituzte oinarri. Artistek jakinarazi dute zerrenda amaiezina dela: «kontaezinak dira, zenbait mendetan zehar ardoaren gainean egin diren sormen lanak, bertso sortak, kantuak, poemak, nobelak... Hemendik aurrera, zerrenda horretan gehitu beharreko ale berri bat daukagu: Ardoa. Alor artistiko guztiak batu eta neurri berean disko, poema-liburu eta ilustrazio bilduma den lana». Eta jarraian, ekoizpen hau aurrera eramateko beharrezkoa iruditu zaie, honakoa aipatzea: «beharrezkoa izan da bi musikari, idazle baten eta marrazkilari baten arteko elkarlana».

'Ardo'-k berezia daukana da bi artisten arteko ekarpena: «berezia eduki dezake guri dagokigun ironia, umorearen erabilera, gaiaren trataera oso hurbila, xamurra baina ironikoa une batzuetan eta kritikoa besteetan…».

«Nik uste dut gure ikuspuntua dela bizitza ematen diona lan honi; bai kantuei, bai poemei, eta, noski, Mattinen irudiei. Beñardo eta gu bion arteko harreman musikala aspaldikoa da, baina biok ahotsean eta biok gitarrarekin, maila horretan lanean, bigarren diskoa dugu eta esango nuke badela aurrerapauso bat gure elkarlan musikal horretan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!