Kalez kale kantari eta erromeria, larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 12a, 00:00

Larunbatean itzuliko dira Kaxkoko kaleetara Kalez kale kantariko kideak. Arratsaldean, ohi bezala, erromeria izango da.

Larunbat honetan itzuliko dira Kalez kale kantari taldeko kideak Hernaniko kaleetara. Ohi bezala, eguerdian kanta herrikoiekin girotuko dituzte Kaxkoko kaleak, txistularien eta musikarien laguntzarekin. Herriko kalejira egin ondoren bazkaltzeko tartea hartuko dute, eta arratsaldean jarraituko du festak. 

Oraingoan ere ez da dantzatzeko tartetik faltako. Erromeria antolatu baitu San Joan Konpartsak, Jeiki Hadi taldearen eskutik. Arratsaldeko 18:00etan hasiko dantza saioa taldeak gidatuta, eta eguraldiaren menpe egongo da kokalekua. Eguraldi ona egiten badu, Plaza Berrin egingo dute; euria egiten badu, berriz, Atsegindegin izango da erromeria, aterpean dantza egin ahal izateko. 

Herritar guztiei gonbidapena luzatu diete antolatzaileek, bi ekintzetan parte hartzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!