Ireki da Doberak antolatutako Udaleku ibiltarietara izena emateko epea

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 10a, 00:00

Pasa den urtean Goierri aldera joan ziren lehenengo txandakoak, aurten Debagoienara.

Maiatzaren 12ra arte eman daiteke izena 'dobera.eus' webgunean

Dobera Euskara Elkarteak antolatutako Udaleku Ibiltariak egitasmoan eman daiteke dagoeneko izena. «Zabaldu dugu 2023ko Udaleku ibiltarietan izena emateko aukera! Aurreko ikasturtean bezala, aurten ere bi txanda antolatuko ditugu, Udaleku Ibiltari haundiak eta txikiak». www.dobera.eus webgunean eman daiteke izena Azkar ibili maiatzaren 12an itxiko baita epea eta plaza mugatuak dira.

Udako opor garaian, gazte eta gaztetxoek euskerazko aisialdiaz gozatzeko eta erabilera indartzeko parada izango dute Udaleku Ibiltariekin. Era berean, Doberaren nahia da «umeek eta gazteek natura errespetatzea, hezkidetza, elkarlana eta talde sentimendua bultzatzea, euskal kultura ezagutzea, inguru eta lagun berriak ezagutzea, ondo pasatzea…».

Udaleku Ibiltarietan, ekintza ezberdinak burutzen dira begiraleek zuzenduta, hala nola, ur ekintzak, abentura kirolak, txangoak, mendi ibilbideak, jolasak… «Euskal Herriko txokorik politenak ezagutuz».

 

Debagoiena aldera haundiak eta Goierrira txikiak

Bi txanda bereizi ditu Dobera Euskara Elkarteak. Lehenengo txanda, 2008 eta 2010 urte bitartean jaiotako gazteek osatzen dute. Hauek Debagoiena aldera joango dira. Uztailaren 3an hasi eta 14ra bitartean. Prezioa 265 euro da, eta Doberako bazkideentzat 225 euro.

Bigarren txanda, 2011 eta 2013 urte bitartean jaiotakoei bideratuta dago. Goierrin barrena ibiliko dira, uztailaren 24tik 29ra bitartean. Prezioa 185 euro eta Dobera Euskera Elkarteko bazkideentzat, 155 euro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!