Aiestaranek ezin izan du Berria Txapelketako finala irabazi

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 9a, 00:00

Otamendi, Goikoetxea-Aiestaran, Gurrutxaga-Zaldua txapeldunak eta Elizalde.

Goikoetxearekin batera 30-35 galdu dute, Galarretan, Gurrutxaga eta Zaldua txapeldunen aurka.

Aitor Aiestaranek ezin izan zuen atzo, Galarretan, Berria Txapelketako txapela irabazi. Goikoetxea urnietarrarekin batera, 30-35, galdu zuten Gurrutxaga eta Zaldua I.aren aurka. Profesional mailako laugarren partidua zuen Aiestaranek eta lehenengo finala. Ilusio haundia zuen, baina azken txanpan ihes egin zien finalak gorriei.

Hala ere, urdinek merezimendu osoz lortu zuten txapela janztea. Gurrutxaga eta Zaldua hasieratik izan ziren nagusi, nahiz eta erdialdean partidua parean jarri zen. Hasieran, Goikoetxeak ez zuen asmatzen eta Aiestaran urduri zegoen. Horren ondorioz, Gurrutxagak eta Zalduak ihes egin zuten markagailuan 4-15 argi batekin. Finala emoziorik gabea zen, baina gorriek lortu zuten partiduan sartzea.

Pixkana desabantaila mozten hasi ziren. 10-17ra hurbildu ziren eta 20-23koaren ondoren lehenengo berdinketa iritsi zen 26koan. 27na ere berdindu arren, urdinak 28-30 aurreratu ziren berriz eta azken tantoetan finago aritu ziren.

 

Zaldua izan zen finaleko erremontista onena

Gurrutxagak ere urduri hasi zuen finala, baina amaieran bi tanto egin zituen jarraian eta Goikoetxearen ondorengo bi akatsek finala erabakita utzi zuten urdinen alde. Azken 30-35ekoak partiduan gertatu zena nahiko ongi erakutsi zuen.

Gurrutxaga izan zen zale gehien Galarretara eraman zituen finalista eta animoek, azken tantoetan, asko auspotu zuten Aizarnazabalgo pelotaria. Gainera, Zalduak oso ongi gidatu zuen denbora guztian. Atzelari donostiarra finaleko onena izan zen. Zabaletik hasi zen sakatzen Goikoetxeari pelota kendu eta Aiestarani min egiteko eta asmatu zuen.

Oso serio aritu zen denbora guztian eta akats bakarra egin zuen final osoan. Aldiz, aurkariek akats gehiago egin zituzten. Finala irabazteko Goikoetxearen lana oso garrantzitsua zen, baina urnietarrak sei pelota huts egin zituen. Zalduak guztira sei tanto egin zituen saketik eta zazpi peloteoan. Gurrutxaga urduri hasi arren, ondo amaitu zuen hamaika tantorekin eta bost akatsekin. Gorrietan, Goikoetxeak 16 tanto egin zituen eta Aiestaranek berriz zorzti tantorekin amaitu zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!