Adineko pertsonei bideratutako Auzozaintza programaren arrakasta ikusita, beste auzoetara zabalduko du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 7a, 00:00

Programaren emaitzak positiboak izan direnez, beste auzoetara zabalduko dute.

Auzozaintzak adinekoen osasunean duen eragina ikusita, Hernaniko Udalak programa aurkeztuko du datorren apirilaren 21ean eta 22an, Donostian egingo den Osasun Biltzarrean. Eta horrez gain, programa sustatzearen aldeko apustua egin du Udalak eta beste auzoetara zabaltzea erabaki du.

Auzozaintza programa 2022an jarri zuen martxan Hernaniko Udalak, Zabalduz laneratzean eta gizarteratzean diharduen Hernaniko kooperatibarekin eta Maitelan zaintza-kooperatibarekin elkarlanean, bakardade ez hautatuan dauden adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmotan. Eta horretarako bost auzo elkartu ziren: Portu, Elizatxo, Zikuñaga, Etxeberri eta Sagastialde. Programaren helburu nagusia da adineko pertsonak etxean bakarrik geratu beharrean, kalera atera eta herriko dinamikekin bat egitea. 32 pertsona ari dira parte hartzen programa honetan, eta beharrezkoa den kasuetan akonpainamendu zerbitzu baten bidez harremanak berreskuratzeko baliabideak jartzen ditu Udalak.

Hernaniko Udalak aditzera eman du bakardadean egon daitezkeen pertsonak antzemateko sistema informatiko aurreratu bat erabiltzen dela: «eta aipatu diren auzoetan 83 pertsonekin jarri gara harremanetan». Hasieratik adineko pertsona horiei azaldu zitzaizkien programaren nondik norakoak. Programako langile taldeak programa ezagutzeko zenbait ekintza eta aurkezpen egin zituzten, eta guztira, 25 adinekok erakutsi zuten aurrez aurre parte hartzeko interesa, eta 7 pertsonak, telefonoz.

 

Emaitza «positiboak»

Auzozaintza programa martxan jarri zenetik, hainbat emaitza lortu dituztela jakinarazi du Udalak: «guztira adinekoekin egindako esku-hartzeetan 1.003 ordu inbertitu dira. Adinekoekin egindako ekimen kopurua 73 izan dira. Kuantitatiboki ez ezik, kualitatiboki ere emaitza oso onak lortu dira».

Auzozaintzan parte hartu duten pertsona batzuk bere auzoekiko jarrera proaktiboa izaten hasi direla ere aitortu du Udalak: «Elizatxo auzoan, parte hartzaileek memoria tailer bat eskatu ziguten». Horrez gain, ondorengoak ere egin dituzte, besteak beste: Elizatxo eta Etxeberri auzoetan, parte hartzaileak auzo bakoitzeko elkarteetan topagune berriak sortzeko antolatu dira; Auzoetan eta herrian parte hartzerik ez zuten 12 pertsona kalera atera eta parte hartzen hasi dira modu egonkorrean; Auzozaintza baino lehen gizarte-isolamenduan zeuden bizilagunen artean kidetasun eta zaintza harremanak izan dira; planak modu autonomoan antolatzen hasi dira; telefono-deiak egiten hasi dira, ondo dauden edo topaketetara joango diren jakiteko; menpekotasuna duten bizilagunen mugikortasuna errazteko baliabideak antolatzen hasi dira; eta 6 pertsona eta familia Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jarri dira, eta parte hartze sozialerako beharrezkoak diren oinarrizko beharrak antolatu dituzte.

Horregatik, auzoetan lorpenak nabaritu dituztela dio Udalak, eta zerrendatu egin ditu: «Elizatxo eta Elizatxo eta Zikuñaga auzoetan bakardadean dauden adinekoen parte hartzea ahalbidetu duten asteroko topaketak sortu dira; Elizatxoko taldeak memoria tailerra eskatu du auzoarentzat, eta gaur egun eskaintzen da; Auzozaintzan parte hartzen duten pertsonak Hernaniko Udalak eskainitako memoria-tailerrera eta 'Ttapa-ttapa'ra joaten dira; Etxeberrin, Auzozaintzan parte hartzen duten eta parte hartzen ez duten bizilagunentzako topagunea antolatu dute 2023rako».

 

Eragin baikorra osasunean

Auzozaintzan parte hartu duten herritarrengan «nabariak izan dira osasunean izan dituzten onurak» aitortu du Udalak. Hori horrela, parte hartzeak eta harreman sozialek osasunean duten eragina ikertzeko, EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea ikerketa bat egiten hasi da Auzozaintzako parte hartzaileekin, programan parte hartzen ari diren heinean euren osasuna eta egoera animikoa nola hobetzen den ikusteko. Izan ere, Udalak adierazi du egoera animikoak gaixotasunak prebenitu ditzakeela eta Auzozaintza programa horretarako tresna bat dela. Osasunean duen eragin hori dela eta, Hernaniko Udalak Auzozaintza programa aurkeztuko du datorren apirilaren 21ean eta 22an Donostian egingo den Osasun Biltzarrean. Eta horrez gain, programaren ibilbidean lortutako emaitza onak ikusita, Udalak programa sustatzearen aldeko apustua egin du eta beste auzoetara zabaltzea erabaki du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!