Aiestaran gustura geratu da etziko finalerako aukeratutako pelotekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 6a, 00:00

Aiestaran material aukeraketan.

Atzelari hernaniarrak bakarrik banatu zituen lau pelota «nahiko biziak, ez gehiegi».

Berria Txapelketako finalistek Galarretan finalerako zortzi pelotak aukeratu zituzten asteartean. Lehenengoa kantxaratzen Aitor Aiestaran izan zen. Bakarrik aukeratu zituen pelotak, Goikoetxeak ezin izan baitzuen bertan egon lanarengatik. 

Atzelari hernaniarra gustura geratu zen eta 128 gramoko bi pelota aukeratu zituen, bat 125 gramokoa eta bestea 127 gramokoa. «Goikoetxearekin aurretik hitz egin dut eta bote erdi-biziko pelota nahi genuen, erdikoa baina bizitik gehiago duena. Aurretik beldur pixka bat banuen, baina ongi moldatu naiz. Pelota biziegia ere ez genuen nahi, Zalduak sakearekin min egin dezakeelako. Etzi, larunbatean 17:30etatik aurrera ikusiko da. Gorriek uste zuten urdinek pelota motela aukeratuko zutela, baina hauek ere biziak banandu zituzten. 

 

Maria Teresa Jauregi eta Maite Lekuona, sarreren irabazleak

Ez da izango bi bikoteen arteko lehenengo partidua. Txapelketako aurrenekoan aurka aritu ziren eta Gurrutxaga eta Zalduak 35-31 irabazi zieten Goikoetxea eta Aiestarani. Hernaniarraren hitzetan, «errebantxaren bila irtengo gara».

Finalerako sarrera bikoitzak, Kronikako zozketan, Maria Teresa Larrea Jauregik eta Maite Lekuona Anzizarrek lortu dituzte. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!