Larunbat gau honetan, txotx denboraldian, Kale Nagusian burdin zati forjatu bat botata aurkitu zutela esateko deitu zidaten, seguru asko balkoiren batetik erauzi zena. Igande goizean haren bila joan nintzen eta udaltzaingoaren egoitzara eraman nuen. Norbaitek falta zaiola ikusten badu, han aurki dezake.
Zer gertatzen zaigu? Larunbat askotan ez digute lo egiten uzten, ezin gara gure etxeetara eroso sartu, ezin dugu gure kaleetatik paseatu, ezta gure dendak erabili ere. Herria botakaz, pixaz eta zaborrez (Hernani, zero zabor) betetzea eta gure ondarearen aurka egitea jasaten dugu (duela bi aste Nagusia 17ko balkoiaren aurka). Gure haurrek konportamendu hori aisialdi eredutzat hartzea onartzen dugu eta, gainera, gure udal-aurrekontuaren zati handi bat komun eramangarriak jartzera, garbiketa zerbitzuak indartzera edota hiri-altzarietan eragindako kalteak konpontzera bideratzea baimentzen dugu. Eta tabernako barran edo dendako ilaran bakarrik kexatzen gara. Berriz diot, zer gertatzen zaigu?