Galarretako Campusean eraikin berria egingo da eta 2026rako egongo da prest

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 5a, 00:00

Galarretako Campuseko eraikin berriaren maketa.

Eraikin berriaren konstrukzioan eraikuntza jasangarriaren, ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren printzipioak aplikatuko dira. 

Euskadiko Parke Teknologikoek esleitu dituzte Hernaniko Campuseko (Galarreta) eraikin berriaren proiektuaren idazketa eta zuzendaritza fakultatiboa. Proiektuaren idazketa aurten amaituko da, eta eraikuntza-lanek 24 hilabete iraungo dutela aurreikusten da. Eraikin berria biribilgune nagusiaren ondoan egongo da, Hernaniko Campuseko sarreran -ikusgaitasun haundieneko leku batean-, eta zerbitzu publiko guztietatik gertu. Enpresa esleipenduna IDOM Consulting Engineering Architecture S.A.U. da.

Eraikin berria 6.045 m2-ko lursail baten gainean eraikiko da, eta bulego, laborategi edo I+G zentroetarako erabiliko da. Lurzatiaren eraikigarritasuna 10.000 m2-koa da, eta eraikinaren gehieneko altuera 19 metrokoa. Eraikinaren kostu zenbatetsia 18,2 milioi eurokoa da.

Euskadiko Parke Teknologikoek Hernaniko Campusaren aldeko apustu instituzionala indartu dute esleipen horrekin; izan ere, Couth enpresaren instalazio berriak ezartzeko akordioarekin jarri zuten lehenengo mugarria. Aurtengo uztailean amaituko da Couth enpresaren eraikuntza. Gainera, Gipuzkoan espazio berrien eskaerari erantzuteko urrats garrantzitsua da, okupazioa haundia baita, eraikinen %100etik hurbil.

 

Obrak 2024an hastea aurreikusten da

Galarretako eraikin berriaren obrak 2024an hastea aurreikusten da, eta gehienez ere 24 hilabeteko egikaritze epea izango dute. Eraikuntza bat etorriko da Euskadiko Parke Teknologikoen Plan Estrategikoan ezarritako Parke Berdearen eta Smart Parkearen helburuekin, eta eduki birziklatua duten materialak obran erabiltzeko konpromisoa jasoko du, obraren guztizkoaren %40a material horretakoa izango dela bermatzeko.

Eraikina, intsolazioa, lurzoruaren kalitatea edo landarediaren etapa guztiak eta maldak bezalako faktoreak kontuan hartuko dituzten berdegunez inguratuta egongo da, klimara egokitutako espezie autoktonoekin.

Berdeguneetan, materia organikoa berriro sartzeko soluzioak eta euri urak biltzeko eta berrerabiltzeko sistemak sartuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!