Hernaniarren ia %11 dira atzerritik etorritakoak, INEren 2021eko datuen arabera. Izan ere, herrian 2.203 lagun ziren Espainiatik kanpoko herrialdeetatik etorritakoak, eta 20.375 biztanle zeuzkan Hernanik.
Datu horien bilakaera oso esanguratsua izan da azkeneko 20 urteotan, seikoiztu egin baita atzerritik etorritakoen kopurua Hernanin: 351 ziren 2002an, eta 2.203 2021ean. Bilakaera horretan, kopuru totalaz gainera, herrialdez herrialdekoak ere asko aldatu dira, kasu batzuetan bereziki.
Bereziki nabarmentzekoak dira Marokoko, Nikaraguako eta Hondurasko kasuak. Azkeneko biak ez dira identifikatuta ageri grafikoan, baina 'Amerika besteak' multzoaren zati haundiena (osoa ez bada) osatzen dute biek. Horren erakusgarri dira, Hernaniko Udalak argitaratu dituen datuak 'Jatorri Aniztasuna Zenbakitan' izeneko atarian: 2023ko datuen arabera, 241 dira Nikaraguatik etorritakoak, eta 229 Honduraskoak.
Hortaz, 2021ean Marokotik etorriak 292 zirela kontutan hartuta, 700 bizilagun baino gehiago dira hiru herrialde horietatik etorritakoak. Bereziki bi epealditan egin du gora marokoarren komunitateak, Hernanin: 2005etik 2009ra lehenik (49 izatetik 122 izatera), eta 2013tik aurrera ondoren.
Nikaraguatik eta Hondurastik etorritakoak ez ziren asko mende hasieran, eta 2009tik aurrera etorri ziren gehienak Hernanira. 2012an 102 bizilagun ziren 'Amerika besteak' multzokoak, eta bederatzi urtetan laukoiztu egin da kopurua, 2021ean 432 izateraino.
Aldiz, beste herrialde batzuetako komunitateak ziren nabarmenagoak Hernanin, mende hasieran: Portugal, Ekuador, Kolonbia, Frantzia, Argentina, Kuba... Kasu batzuetan mantendu egin da kopurua, gutxi gorabehera. Beste batzuetan, Portugalen kasuan esaterako, gorabeherak izan ditu, baina duela 15 urte inguruko datuen antzekoak dira egungoak. Eta Ekuadorren kasuan, esaterako, gorakada etengabea izan da azkeneko 20 urteotan, baina beste herrialde batzuek izan dutenak lausotu du. 2012ra arte izan zen Ekuador, Hernanin 'ordezkari' zeuzkan herrialdea; eta ordutik ere gora egin du, baina hainbat herrialde dauzka aurretik orain, hala ere.
Errumaniako kasua ere esanguratsua da. 2004an soilik bederatzi errumaniar ziren Hernanin, baina ordutik nabarmen egin zuen gora kopuruak, 2013an 192 izateraino. Hortik aurrera, ordea, etengabea izan da beherakada, eta 102 ziren 2021eko datuen arabera.