Osasun zerbitzua euskaraz jasotzea herritarren eskubidea da eta, beraz, erakunde publikoen betebeharra. Horretarako, ahalik eta herritar gehienek osasun-arretan ere euskara hautatzea beharrezkoa da oraindik, administrazioa euskalduntzeko lanean urratsak egiten segi dezagun, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatu arte.
Hernani UEMAn sartu berri da. UEMAko kide diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien kasuan, euskarazko arreta eskatu duten herritarren kopurua Hernanin baino hiru aldiz handiagoa da: %60,3, zehazki. Hernanin, berriz, herritarren %72,7k hautatu dute zein hizkuntzatan jaso nahi duten osasun-arreta, eta horietatik %39,9k adierazi dute arreta euskaraz jaso nahi dutela.
Hernaniarron ia %62 gara euskaldunak, beraz, euskaldun guztiak animatu nahi zaituztet osasun arreta ere euskaraz jasotzeko eska dezazuen, denon eskubidea da eta denon artean lortuko dugu administrazioa euskalduntzea.
Hernaniarren ia heren batek ez du Osakidetzarekin aritzeko hizkuntza hautatu oraindik. Batez ere zuei, oraindik hizkuntza hautatu ez duzuenoi, dei egin nahi dizuet, kanpainarekin bat egin dezazuen eta osasun-arreta ere euskaraz eska dezazuen.
Oraindik ez baduzu osasun arretarako hizkuntza aukeratu, osasun zentroko harrera zerbitzuan, medikuaren kontsultan edota Osasun Karpetaren bidez aukera dezakezu.
Jaso ezazu osasun-arreta euskaraz, zure eskubidea da.
Oier Agirresarobe Lizaso
Euskara zinegotzia