3garren sektoreko ekimen sozialak bultzatzeko laguntzetan, Karabeleko

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 4a, 00:00

Karabeleko bisitatu zuen Maite Peña diputatuak.

Aldundiak 1,27 milioi euro bideratuko ditu eta Karabeleko finkaren proiektua da 2022an sustatutako 319 programetako bat.

Gipuzkoako Foru Aldundiak «lurraldeko gizarte ekimena bultzatu eta babesteko» urtero abian jartzen duen diru-laguntza deialdiaren proiektu onuradunetako bat da Karabeleko, eta esku-hartze sozialeko, prebentzioko eta sentsibilizazioko eta gizarte beharren ikerketa eta berrikuntzako proiektuak babesten dira. 2023an 1.270.000 euro jarri ditu Aldundiak, iaz baino 40.000 euro gehiago, lurraldeko hirugarren sektore soziala «babesten jarraitzea» helburu hartuta, «gure lurraldean hain garrantzitsua den sektorea, gure politika sozialen ereduaren oinarrietako bat». Maite Peña diputatuak adierazpen horiek egin zituen Karabeleko finkara egindako bisitan.

Hernaniko Karabelekok agroekologia sustatuz bazterketa-arriskuan dauden pertsonen errekuperazioan, birgaitzean eta gizarteratzean laguntzen du, arreta berezia jarriz osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen kolektiboan. Izan ere, finka horretan, baratzeaz gain, denda bat dago, eta astero 200 barazki otarra prestatzen dira. «Karabelekon, langileen %70ek desgaitasunen bat du, eta lanpostu bakoitza pertsona bakoitzaren beharretara egokitzen da», adierazi zuen Maite Peñak. 

Nekazaritza ekologikoko baratzeko lantaldeko kideek errehabilitazio, okupazio eta lan jarduerak egiten dituzte, gaixotasun mentala duen pertsona bakoitzak errekuperazioan aurrera egin ahal izateko eta etorkizunean enplegu babestu edo arrunta lortu ahal izateko ibilbide pertsonalizatuak izateko beharrari erantzunez.

Gizarte Ekimenerako Laguntza Programaren deialdi berria  eta entitate interesdunek eskaerak aurkez ditzakete apirilaren 22ra bitartean. 2022an guztira 119 entitate desberdinen 319 proiektu lagundu dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!