Eduardo Chillidaren 'Topaketa-lekua IV' obra monumentala, Chillida Lekun zintzilik, ikusgai

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 4a, 00:00

'Topaketa-lekua IV' obra monumentala aurkeztu zen ostegunean.

Lehen aldiz ikusiko da museoan eskultura monumental bat zintzilik. 13 tonatik gorako eskultura instalatu ahal izateko elkarlanean aritu dira Tecnalia eta Loire Gestamp. Teknika industriala artearen zerbitzura jarri da.

Eduardo Chillidaren Lugar de encuentros IV-Topaketa-lekua IV obra monumentala Chillida Lekuko zelaietako batean instalatu da eta pasa den ostegunean aurkeztu zen museoan bertan agintari eta lanaren arduradunen partaidetzarekin. 

Obra Zabalaga baserritik ikusi daiteke eta aurkezpenean Chillida familiak esan bezala: «harrigarria da pieza hori, bertatik, natura eta artea modu berezian fusionatzen dituen kokaleku batean ikustea».

Zero Grabitatea erakusketaren programaren barruan dago ekintza hau, eta Eduardo Chillida 100 urte ospatzeko jardueren programaren atarikoa da. 13 tonatik gorako pieza Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumakoa da, eskultoreak 1982an eman zuen dohaintzan, eta Chillida Lekura eraman da. Han egongo da harik eta pinakoteka bilbotarra haunditzeko obrak amaitzen diren arte. Aurreikusten denez, 2024ra arte.

 

Zintzilik egoteko pentsatua

Mireia Massague, museoko zuzendariaren ustez, «100 urteko ospakizuna hasteko, zirraragarria zaigu hormigoi armatuzko pieza bat izatea gurean, inoiz ez baitugu halakorik izan. Berezia da, lehen aldiz erakusgai jarri dugulako obra bat eskegita; horrek bat egiten du Txillidak grabitatea ulertzeko zuen modu poetikoarekin, eta garrantzitsua da guretzat aitortza hori egitea, gisa honetara».

Pieza Bilbotik Hernanira eraman eta bertan kokatzeko, hainbat enpresa elkarlanean aritu dira, eta lankidetza hori gabe ez litzatekeela posible izango adierazi zuen aurkezpenean Luis Chillida artistaren semeak. «Saiatu ginen aitaren obra bat bi zuhaitzen artean eskegitzen. Hilabete batzuen buruan, lurrean iltzatuta topatu genuen, metro erdi lurperatuta, kanoi bala bat nola. Aitaren ametsetako bat bete da». Eskultorearen nahia zen esekitzeko pentsatu zituen obrak zintzilik egotea.

Artelanak bilkura leku izateko ideia nabarmendu zuen Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. «Chillidarentzat, elkarrizketarako eta elkarbizitzarako lekuak ziren obrak, hiriburu batek izan beharko lukeen bezala»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!