Goikoetxea eta Aiestaran Berria txapelketako finalean arituko dira

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 4a, 00:00

Finalean sartu da Aiestaran profesionaletako lehenengo txapelketan.

35-30 irabazi zuten finalaurrekoetan, eta Gurrutxaga-Zaldua I 
bikotearen aurka jokatuko dute finalean.

Larunbat honetan jokatuko da Berria txapelketako finala, Galarretan. Oraingoan ere ordezkaritza izango du Urumea bailarak final haundian; izan ere, finalaurrekoa nagusitasunez irabazita, bertan aritzeko txartela lortu zuten Aitor Aiestaran hernaniarrak eta Goikoetxeak.

Zaldua II.ren eta Odeiren aurka jokatu zuten larunbatean, eta hasieratik erakutsi zuten lehiatzeko pronto zeudela. Bikain aritu zen Goikoetxea, tantoak bukatzeko erraztasunarekin. Bere dohaiak erakutsi zituen urnietarrak, eta egindako 18 tantorekin amaitu zuen arratsaldea. Aiestaranek ere partidu serioa osatu zuen, oso akats gutxi eginda eta sakean asmatuz; bost tanto egin zituen sakez. Aiestaranen jokoak ziurtasun haundia eman zion Goikoetxeari, askatasun gehiagorekin jokatu eta aurrean tantoak errazago bukatzeko. 

Beste finalaurrekoan Gurru­txaga eta Zaldua I gailendu ziren, Irazu eta Martirenari 35-28 irabazita. Bi aurrelariek maila oso altua erakutsi zuten, eta atzean nabarmendu ziren desberdintasunak. Zalduak sakez egindako bederatzi tantoek erabaki zuten partidua.  

Ondo ezagutzen diren bi bikote arituko dira aurrez aurre final haundian. Ligaxkako lehenengo partidua jokatu zuten elkarren kontra, Gurrutxaga eta Zaldua gailendu ziren orduan, baina bestelako partidua espero da larunbatean, 16:30etatik aurrera.

Debutariak dira Aiestaran eta Gurrutxaga, eta esperientzia gehiago duten erremontistak Goikoetxea eta Zaldua. Aste honetan finduko du bikote bakoitzak larunbatean erabiliko duen estrategia, eta gaur bertan hasiko dira erabakiak hartzen, material aukeraketa egingo baitute arratsaldeko 17:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!