Mailari eusteko, pauso haundia Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 4a, 00:00

Berrondo hirukoa jaurtitzen.

64-45 menderatu zuen Bosteko Irauli, eta gertu dauka salbazioa. Mundarroko bi talde nagusiek ere, garaipena.

Aurrerapauso haundia eman du Hernanik, mutilen Gipuzkoako bigarren mailan jarraitzeko, beste denboraldi batez. Partidu garrantzitsua zeukan larunbatean, etxean, Bosteko Irauliren kontra; eta 64-45 nagusitu ziren hernaniarrak. Hori horrela, oso gertu daukate salbazioa. Azkeneko partidua irabazita, mailari eutsiko diote; eta galduz gero, Elorri Aldapak ere galtzea beharko dute.

Trabatua izan zen partiduaren hasiera, eta defentsak nagusitu ziren aurreneko laurdenean; baina atsedenaldiaren aurretik egin zuen ihes Hernanik, 18 punturen aldea lortuta (32-14). Bigarren zatian primeran eutsi zioten abantailari. 22 puntu lortu zituen Berrondok, eta 15 puntu Elizegik.

Asteburu gozoa izan da Mundarrorentzat ere, garaipena lortu baitute bi talde nagusiek, Gipuzkoako lehenengo mailan. Neskak 53-44 nagusitu ziren Luberriren kontra, etxean. Bigarren laurdenean egin zuten tartea astigartarrek (24-17), eta alde horri eutsi zioten partiduaren bukaerara arte. Mundarroko Arcelus izan zen protagonista nagusia, 21 puntu lortuta. Garaipen horrekin, multzoko lider jarri da Mundarro, Easoren eta BKEren garaipen berdinekin, partidu bat gehiago jokatu duen arren.

Mutilek, berriz, 73-92 irabazi zuten, Santo Tomas Lizeoaren kantxan. Partidu gogorra zeukaten, seigarren sailkatuaren kontra; baina hasieratik izan ziren nagusi astigartarrak, eta aurreneko laurdenean 21-29 aurreratu ondoren, 22 punturen aldea lortu zuten atsedenaldirako (34-56). Alde horri eutsi, eta oso puntuazio altuarekin bukatu zuten moreek. Taldeko hainbat jokalarik lortu zituzten 10 puntu edo gehiago: Goyak (15), Salinasek (13), Agouesek (12), Izagirrek (11) eta Ascasok (10). Mailari eusteko play-offa jokatuko du Mundarrok ziur, Añorgaren kontra; eta sailkapenean berdinduta daude bi taldeak, azkeneko jardunaldiaren faltan, irabazi egin baitzuten añorgatarrek ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!