Seigarren postuan amaitu dute denboraldia Euskal Ligako mutilek

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 4a, 00:00

Navarbolei izan zuen aurrez aurre Hernanik, denboraldiko azken partiduan.

0-3 galdu zuten Euskal Ligako mutilek etxean. Horrez gain, larunbatean, boleibol maratoia ere jokatu zen kiroldegian.

Seigarren postuan amaitu dute denboraldia Euskal Ligako mutilek, porrota jasota igandean jokatutako partiduan. Bisitaria ligako txapeldunordea izanik, mutil hernaniarrek bazekiten ez zela erraza izango asteburuko norgehiagoka. Hasieratik, bisitariek indarra eta maila erakutsi zuten kantxan eta aurreneko jokoan erraz gainditu zuten Hernaniko taldea (14-25). Jarraian etorri ziren bi jokaldietan Hernanik hobeto jokatu zuen, baina bisitariak nagusitu ziren tantoetan: 20-25 eta 18-25. Beraz, 0-3ko porrota jaso zuen Hernanik eta nafarrak garaipenarekin itzuli ziren etxera.

Beste bi garaipen lortu zituzten hernaniarrek, Gipuzkoako Ligan, atzeratutako partiduetan. Infantil mutiletan, Hernani 2 taldeak, 1-3 garaitu zuen Donostiako Aldapeta Maria taldea; eta jubenil neskek ere, garaipen borobila lortu zuten (0-3), Urretxuri irabazita.

 

Boleibol maratoia, asteburuan

Asteburuan Hernaniko kiroldegian boleibol maratoia jokatu zen eta sekulako arrakasta izan zuen. Euskadiko kadete mailako neskek eta mutilek, goizeko 10:00etatik 20:00etara jokatu zituzten partiduak eta giro zoragarria sortu zen kiroldegian, jendez bete baitziren harmailak. Sekulako maila erakutsi zuten kadeteek, baina Hernaniko taldeek ez zuten zorte haundirik izan.

Nesken kadete mailan, Hernani 2 taldeak, Galdakaoren aurka lehiatu zuen, eta borrokatutako partidua izan bazen ere, 0-2 galdu zuen etxeko taldeak. Bigarren partiduan, Gallarta izan zuen aurkari, eta hasiera parekatua joan zen, baina Hernanik ezin izan zion aurrea hartu aurkariari eta 0-2 galdu zuen.

Mutilek, aldiz, Gallarta garaitu zuten, 2-0 emaitzarekin; eta jarraian Jatorkideren aurka jokatu zuten. Oso lehiatua izan zen partidua, baina Hernanik ezin izan zuen aurkaria garaitu: 0-2.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!