Donibane Lohizunetik Berara, Tom McGrath irlandarrak ihesean egindako ibilbideari segika

Mendiriz Mendi 2023ko api. 4a, 00:00

Gerretan hildakoen oroigarria, Urruñako elizaren ondoan. Aurrean dago Jean Larburu hernaniarrari eskainitako hilarria.

Muga zeharkatzen duen beste ibilbide bat antolatu du Mendiriz Mendik apirilaren 23rako, Bigarren Mundu Gerrako ihes-sareak, iheslariak eta haiei lagundu zietenak omentzeko. 1942ko gertakari bat ekarriko dugu gogora.

Bigarren Mundu Gerran Euskal Herriko Pirinioetan jardun zuten ihes-sareak, ihes egin zuten pertsona guztiak eta haiei ihes egiten lagundu zieten pertsona guztiak gogoratzeko eta memoria historikoa berreskuratzeko, muga zeharkatzen duen beste mendi irteera bat antolatu dugu apirilaren 23rako. Lagundu zuten guztiak gogoratu eta omendu nahi ditugu, eta horretarako, Donibane Lohizunetik Berara joango gara, Lapurditik Nafarroara.

1942 urtea da. Europa gehiena tropa faxistek okupatzen dute eta Bigarren Mundu Gerran murgilduta gaude. Tom McGrath irlandarra Poloniako kontzentrazio-eremu (stalag) batean pre­so dago. Baina McGrath soldaduak kontzentrazio-eremutik ihes egitea lortzen du. Alemania, Holanda eta Frantzia zeharkatuz, 1943an, gure iheslariak Euskal Herrira iristea lortzen du, eta bertako mugalari baten laguntzarekin, muga zeharkatzera abiatzen da. Donibane Lohizunetik irten ziren, eta Urruñatik barrena, Pirinioetako mugara (Ibardineko lepora) iritsi ziren. Muga zeharkatu ondoren, bera bakarrik, Berara jaitsi zen. Nafarroako herrira iritsi zenean, Guardia Zibilen bikote batek atxi­lotu zuen, eta Mirandako kontzentrazio-esparrura bidali zuten. Azkenik aske utzi zuten, eta Ingalaterrara eta bere Irlandako herrira itzultzea lortu zuen. Benetan bidai ikusgarria.

Ibilbidean, Sorospen Oneko Andre Mariaren kaperaren albotik igaroko gara. Kondairak dioenez, 1627an militar ingelesak itsasoz hurbiltzen ari ziren. Hendaiako portutik, etsaiari aurre egiteko, marinelak  itsasoratu ziren. Zoritxarrez eta bat-batean, haizeak jotzeari utzi zion eta euskaldunen ontziak geldirik geratu ziren. Marinelak Ama Birjinari otoitz egiten hasi omen ziren, alboko haizea eskatuz. Horren truke, Sorospen Oneko Andre Mariaren izena duen baseliza eraikiko zutela promes egin omen zuten. Dirudienez, Ama Birjinak marinelen otoi horiek entzun eta haizea berriro jotzen hasi zen. Promesa, promesa denez, hendaiar arrantzaleek bere hitza bete eta baseliza hau eraiki zuten. Kaperaren inguruan barreiatuta dauden hilarri diskoidalak, 1855ean kolera epidemiaren ondorioz zendu zirenen hilobiak dira.

Gure elkarteak ihes-ibilaldi luze honen Euskal Herriko zatia egiteko asmoa du. Guztira, 20 ki­lometrokoa izango da, 600 metroko desnibel positiboarekin.

 

IBILBIDEAREN  DESKRIBAPENA

 Donibane Lohizuneko kostatik abiatuko gara. Bertan, kostaldeko flyschaz gozatzeko aukera izango dugu. Bunkerrak ere ikusiko ditugu han. Bunker horiek, Lapurditik Norvegiaraino kostalde guztian Hitlerrek aginduta eraikitako bunker-lerro batekoak dira. Aliatuen inbasioaren beldur zen, eta 4.000 kilometrotan 12.000 bunker eraiki zituzten.

Etzango Borda bidetik hasiko gara, eta Handiabaita bideari jarraituko diogu. Ondoren, bideak behera eta eskuinera egiten du. Bertan dagoen pasagunetik igaroko dugu trenbidea. Hirigoingaita bidea jarraituz lehenik, eta Sorospen Oneko Andre Mariaren bideari segika ondoren, muino batean dagoen kaperara iritsiko gara. Bertan, atsedenaldi labur bat egiteko asmoa daukagu.

Sorospen Oneko Andre Mariaren baseliza, kondairak dioenez marinelek eraikia.

Bideari jarraituz, behera egin eta gertu dagoen Urruña he­rrira iritsiko gara. Herriko elizaren au­rrean, nazien kontzentrazio-eremuaren biktima izan zen Jean Larburu hernaniarraren oroi­­ga­rria dago.

Bidean aurrera egin eta, autopistaren gainetik pasa ondoren, kale eta bide desberdinetatik Ibardin mendatearen oinarrira iritsiko gara. Biriatura bidean, Bidegain Berri baserria dago. Duela 80 urte, iheslariek ostatu hartzen eta indarrak berritzen zituzten tokia da Bidegain Berri, Bidasoa zeharkatu eta Espainiako askatasun erlatibora iritsi baino lehen. Bide hori egiten zuten, besteak beste, hernaniarren laguntzarekin; hala nola, Florentino Goikoetxea mugalariarekin edo Juan Larburu laguntzailearekin. 

Bidegain Berri baserria, Biriatura bidean. Bertan hartzen zuten ostatu iheslariek, muga zeharkatu aurretik.

Kostaldetik Ibardin mendateko oineraino, nahiko bide lauak dira, malda gutxikoak. He­mendik aurrera bideak gora egiten du, eta tarte labur batean ibilbideak duen desnibel gehiena igoko dugu. Goian, mugatik gertu, Xoldokogainan atseden hartuko dugu. Behera egin eta Berara jaitsiko gara. Ibilaldiaren zati honetan ere bunker batzuk ikusiko ditugu. Francok agindu zuen horiek eraikitzea. Beldur zen Hitlerrek ez ote zuen Espainia inbadituko.

 

DONIBANE LOHIZUNE-URRUÑA-BERA

DATU INTERESGARRIAK

Eguna: Apirilak 23

Luzera: 20 kilometro

Desnibela: 600 metro gorantz eta beste horrenbeste beherantz

Denbora: 5-6 ordu

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!