PSE-EEren iritziz, EH Bilduk «ez ditu bere lanak egin Karabel eta Portu lotuko dituen bidearen proiektuan»

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 3a, 00:00

Ekainean amaituko dira obrak.

Ricardo Crespo bozeramaileak adierazi du «erabateko arretarik eza» izan dela proiektuaren kudeaketa guztian zehar.

urreko asteko astelehenean jarri ziren martxan Portu eta Karabel auzoa lotuko dituen bide berriaren obrak. Tren geltokiaren berrikuntzarekin eten egin zen bi auzoak elkartzen zituen bidexka, eta, Xabier Lertxundi alkatearen esanetan, «behin betiko konponbidea» eman nahi izan diote proiektu berriarekin.

Ricardo Crespo Hernaniko PSE-EEren bozeramailearen iritziz, «kudeaketa falta eta plangintza exkaxa» egon dira, eta nabarmendu du «obrak gauzatzeko atzerapena EH Bilduren gobernuaren erantzukizun bakar eta esklusiboa» dela.

Obren aurkezpenean Lertxundik aipatu zuen bi arrazoi nagusik atzeratu dutela proiektuaren gauzatzea: «Adifek egingo zuen proiektuaren gaineko zehaztasun falta eta ibilbide segurtasuna bermatu nahia». Bada, PSE-EE kritiko agertu da arrazoiekin, eta Crespok «barregarritzat» jo du atzerapena Adifi leporatzea: «Udalak bazekien Adifek zer asmo zuen geralekua ixteko eta herritarren egunero erabiltzen zuten nasako pasabidea kentzeko, duela hamasei urte baino gehiagotik. Prozesua, une oro, erabateko arretarik eza izan da kudeaketan».

Segurtasunari buruzko aipuari ere gogor erantzun dio Crespok: «Lertxundik aipatzen dituen alderdi teknikoak eta segurtasunekoak aitzakiak dira. Bide hori duela urte asko proiektatu behar zen, azken urratsen faltan, eta geltoki berriaren obrak iraun bitartean. Lurren jabe pribatuekin ere hobeto lan egin behar zen, eta ez da halakorik egin».

 

«Aparkalekuen premiari erantzutea ahaztu zaie»

Ibilbideari egindako kritikaz gain, Crespok adierazi du «aurreikuspen eta kudeaketa faltagatik» ahaztu egin zaiela Karabel auzoan «premiazkoa» den aparkalekuen premiari erantzutea: «Aukera ona zen aparkaleku gehiago lortzeko, Karabeleko sarreraren ezkerraldean, obrako etxolak dauden tokiaren atzean. Hala ere, EH Bilduren kudeaketa txarraren ondorioz galdutako beste aukera bat da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!