«Salatu berri dugun kasua ez da bakana, antzeko kasu gehiago daude»

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 2a, 00:00

Asanblada irekia egin zuen atzo Etxebizitza Sindikatuak, STOP desahucios plataformaren presentziarekin. «Antolatzeko beharra» dagoela nabarmendu zuten.

Asanblada informatiboa egin zuten atzo, Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuak deituta, «salatutako etxegabetze arriskuaren harira». Etxegabetze arriskuan dagoen familiaren egoerari buruzko informazioa eman zuten sindikatuko kideek: «Egoera zaurgarrian dagoen familia bat da, etxegabetze agindu bat jaso zuena. Alegazioa aurkeztu genuen, eta etxegabetzea atzeratzea lortu genuen. Orain, epaiketaren ikustaldiaren ondoren, egoera nahiko zaila da. Ez da sententziarik iritsi, baina bi aukera daude; beste etxegabetze agindu bat iristea, edo moratoriako dekretua aplikatzea da, ekainaren 30era arte luzatuko litzatekeena». 

«Erresistentzia pasiboa eta antolakuntza»

Egoera horren aurrean «etxegabetzea gelditzen» saiatuko dira Etxebizitza Sindikatuko kideak: «Erresistentzia pasiboaren bidez saiatuko gara etxegabetzea gelditzen». 

Kasuari buruzko informazioa emateaz gain, Etxegabetze Sindikatutik eta STOP desahuciosetik nabarmendu zuten «ez dela kasu bakana», eta «etxegabetze arriskuan» dauden beste zenbait familia daudela Hernanin. 

Horri aurre egiteko, «antolatzeko deia» egin du Etxebizitza Sindikatuak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!