«Harrituta gaude inolako azalpenik eman gabe eta gaixotasunik gabe desagertzen diren zuhaitzekin»

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 2a, 00:00

Zuhaitzen kudeakea «ekozida» dela adierazi du Elkarrekin Podemosek.

Zuhaitzen kudeaketarekin kritiko agertu da Elkarrekin Podemos Orain Hernani udal taldea; «harridura» eta «mina» aipatu dituzte.

Hernaniko zuhaitzen kudeaketarekin kritiko agertu da Elkarrekin Podemos Orain Hernani taldea. Desadostasunak dituzte udalaren kudeaketa ereduarekin. «Ekozida» gisa definitu dute, eta «harrituta» daudela adierazi dute: «Harrituta gaude, besteak beste, herrian inolako azalpenik gabe, eta itxuraz inolako gaixotasunik gabe desagertzen diren zuhaitzekin».

Udal taldetik azaldu dute aditu batekin jarri direla harremanetan, gaiari buruzko proposamenak zehazteko: «Gaian aditua den pertsona baten esanetan, zuhaitz gehienak osasuntsu daude, eta moztearen irtenbidera iritsi aurretik beste irtenbide posible batzuk badaudela dio. Espezie bakoitzari egokitutako inausketak, adibidez».

Herriko txokoetan ikusten dituzte «bat ez datozen dinamikek sortutako eraginak». Elkarrekin Podemosetik nabarmendu dute «dozenaka txokok hutsik jarraitzen dutela», eta horietako asko «zementuz estaliak» izan direla, «birlandatzearen aukera zailduz».

Kudeaketarekiko desadostasunak azaltzearekin batera, zuhaitzek sortzen dituzten onurak ere agerian utzi nahi izan ditu udal taldeak: «Naturarik gabeko kaleek tristetu egiten dute herritarron begirada. Gainera, ezin dugu ahaztu zuhaitzek kutsatzaile atmosferikoak hartzen dituztela».

 

«Zuhaitzei buruzko ordenantza» beharrezkotzat du Elkarrekin Podemosek

Egindako proposamenen artean, Elkarrekin Podemosek beharrezkotzat ditu zuhaitzei buruzko ordenantza bat sortzea eta «zuhaitzaren mahaia» eratzea: «Hernani babesleku klimatiko izateko».

Kritikarekin amaitzeko, zenbait galdera egin dizkio Elkarrekin Podemosek Hernaniko Udalari: «Zein izango da hurrengoa? Udal honek botatzen duen zuhaitz bakoitzera kateatu beharko dugu desagertzea saihesteko?».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!