«Baratza terapeutikoarekin nahi dugu egoiliarrak aktibo mantendu, estimuluak piztuz»

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 1a, 00:00

Duela hiruzpalau hilabete izan zuen baratza terapeutiko bat egiteko iniziatiba Hernaniko Oinarrizko Lanbide Heziketak, eta proiektua aurrera eraman dute Karabelekorekin elkarlanean. Dagoeneko Zaharren Egoitzan dago baratza terapeutikoa: «gure asmoa da egoiliarrei estimuluak piztea eta aktibatzea; zaindu ditzatela landatutako loreak eta barazkiak». 

Baratza terapeutiko bat sortu dute Hernaniko Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek Karabelekorekin elkarlanean, Zaharren Egoitzako egoiliarrei goxotasuna emateko, besteak beste. Baratzaren helburu nagusiak osasun arazo arinak edota larriagoak dituzten pertsonen osasun fisikoa eta psikikoa hobetzea izan ohi da. Hala, asteartean elkartu ziren Lanbide Heziketako animazio soziokulturaleko zenbait ikasle eta Karabelekoko pare bat kide, eraikitako baratza terapeutikoa zaharren egoitzara eramateko. Kronika bertan egon zen, proiektuaren nondik norakoez jabetzeko.

Gaur egun, tendentzian jartzen ari den proiektu bat da baratza terapeutikoa: «Badakigu zenbait egoitzek badaukatela antzerako baratza terapeutiko bat. Ezaguna egingo da agian, apurka. Geroz eta gehiago daude» aitortu zuten Karabelekoko kideek.

Animazio soziokulturaleko ikasleek aitortu dute mekanizazioko ikasleek eraiki dutela baratzaren oinarria «karroa, mekanizazioko ikasleek diseinatu dute; eta eraikitzeaz ere beraiek arduratu dira. Interneten dauden baratza terapeutikoek, ez dute drenajerik, ezin dira erraz mugitu eta guk sortutakoa, adiz, bai. Oinarria egiteko jardun dute 3-4 hilabete buru-belarri, ez da astebeteko lana izan. Baratza kokatzeko eremuaz gain, eldu-lekuak dauzka eta baratzean aritzeko materialak gordetzeko pare bat kaxoi, besteak beste». Animazio soziokulturaleko ikasleak, aldiz, baratzaz arduratu dira: «Ikertzen ibili gara, eta jakin dugu, baratza terapeutikoek onura asko ekar diezaiekela helduei, hala nola, lurrarekin kontaktua, zaintza, lore eta landareen kolorea eta usaina. Faktore hauek guztiak oso onuragarriak dira helduentzat. Karabelekora joan ginen baratzen inguruko tailer bat jasotzera; izan ere, honelako baratzak ez dira lurrekoak, beste modu batera landatu behar dira eta modu ezberdin batean zaindu behar dira. Goiz osoko tailerra izan zen, azaldu ziguten nola landatu, zer nolako lurra erabili eta zenbat».

Buru belarri jardun dute ikasleek eta Karabelekoko kideek proiektu solidario honekin, eta Lanbide Heziketak eskerrak eman dizkio Karabelekori, hartutako arduragatik: «proiektu solidario bat egitea zen gure helburua eta baratza terapeutikoa egitea erabaki genuenean, Karabelekori proposatu genion elkarlanean jarduteko eta baiezkoa jaso genuen. Gainera, aholkularitza eman digute, baratzak nolako diseinukoa eta formakoa izan behar zuen... Behin egin beharrekoa zehaztuta, tailerrean egin dute mekanizazioko ikasleek. Zaharren Egoitzara etorri ziren ikasleak ateetako eta geletako neurriak hartzera, kontutan hartu beharreko zenbait faktore baitaude, hala nola, igogailua, mugitzeko erraza izatea…»

Karabelekoko kideak adituak dira landare eta barazkietan, eta zenbait aholku eman dizkiete ikasleei, baratza eder bat osatzeko, egoiliarren beharretara egokituz: «Karabelekorekin egin dugu proiektu hau elkarlanean. Haiek esan ziguten baratzak zein neurri izan behar zuen, zer nolako landareak jarri genitzakeen, proiektuan lanean ibili gara buru-belarri eta egia esan bidea ederra izan da. Baratza terapeutikoa Zaharren Egoitzara eta egoiliarretara dago egokituta. Gurpildun aulkian doanak ere erraz landatu dezake zerbait, edota ura bota. Irisgarritasuna bermatzen duen diseinu bat fabrikatu dugu».

Argi utzi dute Oinarrizko Lanbide Heziketak eta Karabelekok, egoiliarrei baratza bat oparitzearen atzean zenbait helburu daudela: «herriko helduen estimuluak piztu nahi ditugu. Altxa daitezela, eta landatu dezatela zerbait, jar daitezela naturarekin kontaktuan. Hasieran sendabelarrak jartzea otu zitzaigun eta lore asko jartzea. Baina Karabelekoko kideek aipatu ziguten horrek ez zuela mugimendurik sortuko. Azkenean guk nahi dugu helduek iniziatiba hartu eta zerbait landatzea, hau zaintzea, eta berriro ereitea, ziklo bat jarraituz. Segun eta zer landatzen duzun, ez du lana suposatuko eta apaingarri gisa bakarrik funtzionatuko du. Guk baratzarekin nahi dugu helduak modu batera esanda aktibo egotea, landareak zaindu, buruari eman, usain ezberdinak nabaritu… Estimulu ezberdinak piztuz».

 

Baratza terapeutikoa, egoiliarrei «bizipoza» emateko

Asteartean, goizeko 11:00etan, baratza prest zutela, Zaharren Egoitzako lehen pisura igo zuten baratza, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkieten egoiliarrei: «proiektu solidario batean lan egiten gabiltza, herriarentzat eta herritarrentzat». Atetik baratza sartu bezain pronto, zaharren egoitzako egoiliarren begiak argitasunez bete ziren,  agian, baserriko oroitzapenak etorriko zitzaizkien burura. Izan ere, Lanbide Heziketak dio lurrak baduela zerbait «usainak agian, edota testurak, helduen memoria aktibatzen dute, eta gogoratzen dituzte aspaldian bizitako uneak». Oinarrizko Lanbide Heziketak eta Karabelekok baratza terapeutikoari buruzko azalpenak eman ostean, zenbait egoiliar aulkitik altxatu eta baratzara gerturatu ziren, loreak eta landareak landatzera, bakoitzaren aletxoa jarriz. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!